La Cumbre duintasun gune bihurtzeko uzkur?

Urtebete zentzuzko epea zela zirudien La Cumbre, Josean Lasa eta Joxi Zabala torturatzeko erabili zuten jauregia, duintasun, aitorpen eta erreparazio gune bihurtzeko. Hala dago jasota 2022ko urritik indarrean dagoen Estatu espainoleko Memoria Demokratikorako Legearen xedapen gehigarri batean. Epe horretan jauregi hori Donostiako Udalari lagatzeko hitzarmenak gauzatuta behar zuen, Estatuaren biktimak oroitzeko memoria zentro izan zedin. Badirudi, ordea, urtebete ez zela zentzuzko epea eta lau urte, berriz, gehiegizkoa, datorren urrian hiru urte izango baitira legeak xedatzen duen epea iraungi zela. Atzerapen ikaragarri hori salatu eta «bizkortasuna» eskatu zuen atzo Argituz, Aranzadi Zientzia Elkartea, Berridatzi, Mikel Zabalza Herri Ekimena, Egiari Zor Fundazioa eta Lasa eta Zabala familiek osatutako lantaldeak. 

Joan den otsailean lagapen prozesuan aurrera egiteko zenbait dokumentu eskatu zizkion Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak Donostiako Udalari; uztailera arte, baina, Udalak ez zien horren berri eman talde politikoei, ezta eragileen lantaldeari ere, eta artean dokumentazio eskaera bete gabe zegoen. Horregatik, zabarkeria eta borondate politikoaz gainera, gardentasunik eza salatu zuten eragileek atzo. Nolanahi ere, zehaztu zutenez, ardura falta hori ez da Donostiako Udalarena bakarrik, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren eskaera aurtengo otsailean bidali izana ere lagapen prozesuan konprometituta dauden instituzio guztiak oso berandu dabiltzan erakusgarri baita. Denek ere «behin eta berriz urratu dituzte legezko epeak».

Egia ote da lehen eta bigarren mailako biktimak daudela? Esan nahi baita, biktimen artean horrelako sailkapenak egitearen aurka agertzen diren instituzioek ere plantak baino ez dituztela egiten? Egiaz diskriminazio nabarmen horrekin bat datozela? Beste askotan, legeak ezinbestean bete beharra dagoela esanda, herritarren borondatearen aurka ere ezin arduratsuago jarduten duten horiek uzkur ageri dira lege hori betetzeko orduan, ikaragarrikeriaren jauregi hori memoria demokratikoa berreskuratu eta zabaltzeko zentro bihurtzeko, hain justu. 

Bilatu