Lanbide arriskutsuan jarduteagatik saritua

Kazetari, soziologo, idazle, euskaltzaina; lan mamitsu eta ezagun ugariren egile. Joan Mari Torrealdairen curriculuma ez da lerro bakan batzuetan sartzen. Urte luzeetako lanak osatutako curriculuma da, euskara eta euskal kultura sustatu eta «biziarazteko» grinak ezaugarritzen duena. Manuel Lekuona beraren kezka nagusia, hain zuzen. Horregatik eskaini dio Eusko Ikaskuntzak idazle eta euskaltzain oiartzuarraren izena duen saria Torrealdairi, horregatik goretsi du bere lan «eredugarri» eta «erreferentea».  

Bistan da Torrealdaik merezimendu osoz jasoko duela sari hau, orain arteko beste hainbat bezalaxe. Besteak beste eta batez ere, euskara eta euskal kultura ardura eta kezka izan ditu bere ibilbide luzean, eta zorroztasunez eta kalitatez islatu izan ditu bere jardunean. Hala ere, ondo asko daki, bere larruan bizi izan duelako, lan eta konpromiso hori arriskutsua izan daitekeela. Arriskutsua dela. Joan den urtean amaitu zen «Egunkaria auzia» izan zen arrisku horietako bat, Torrealdai eta beste hainbat laguni tortura, kartzela eta urteetako auzipetzea ekarri ziena, bidegabekeria luze eta ikaragarria. Beraz, euskal herritar gehienek bat egingo dute Eusko Ikaskuntzaren ezagutza horrekin, sariaren merezimenduari benetako konpromisoarena erantsita, berekin kaltea dakarren konpromisoarena, alegia.

Joan Mari Torrealdai ez da salbuespen bitxia, ordea. Igandean, euskararen eta euskal kulturaren beste langile sutsu batek, halaber kazetaritzari lotua eta zenbait proiektu Torrealdairekin partekatu izan dituenak, bere herrikideen esker ona eta harrera beroa jaso zituen, beste bidegabekeria ikaragarri bat jasan ondoren. «Egin auzia» euskal prentsa librea sustatzeak dakarren arrisku horietako bat izan zen, Jexux Mari Zalakaini zortzi urteko kartzela zigorra bilakatu zitzaiona. Euskal Herrian hizkuntzaren eta kulturaren langile izatea arriskutsua da, Zalakainek eta Torrealdaik ondo dakitenez, eta sarritan zigorra dakar, baina baita ezagutza eta esker ona ere. Bejondeiela biei.

Bilatu