Laneko segurtasuna ez dago lehentasunen artean

Aurten, hamahiru egunean, hiru langile hil dira Euskal Herrian lan-istripuz. Urteko lehen lan-astelehenean, 59 urteko langile bat hil zen Barakaldoko saltoki batean. Iragan astelehenean 47 urteko beste langile bat hil zen Gasteizen aldamio batetik erorita, eta asteazkenean 23 urteko hirugarren langile bat hil zen bezperan Ikaztegietan erori ondoren. Balantze beldurgarria, laneko osasuna eta segurtasuna lehentasun politikoen artean kokatu beharko lituzkeena, baina hori ez da gertatzen.

Atzo bertan, Confebask Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen, eta, bileraren ondoren, patronalaren kezka nagusia pandemiak eragindako lan-baja ugariak eta alta administratiboen prozesua «ahalik eta gehien» arintzeko beharra izan zen. Laburbilduz, patronalak Jaurlaritzari eskatu zion izapideak azkartzeko, langileak lehenbailehen itzul daitezen lanpostura. Eskaera horrek aditzera ematen du gaixotasunagatiko alten eta bajen prozedura ez dagoela definituta, eta bajak nahi bezala luza daitezkeela. Horrela, gainera, badirudi «eskakeatze orokorra» gertatzen ari dela. Eskaera horrek euskal patronalak langileen osasunarekin duen konpromisoaren neurria ematen du. Horrek ere lantegien barruan lan-erritmoekin gertatzen ari denaz jabetzea ahalbidetzen du, proba batean negatibo eman eta hurrengo minutuan jende guztia bere lanpostura itzultzeko hainbesteko beharra badute. Presio horrek lan-erritmo oso altuak eragiten ditu, eta, azkenean, horrek ekartzen du lan-istripuak ugaritzea.

Lan-istripuei dagokienez, urtea aurrekoa bukatu zen bezala hasi da. Egoera horretan, Confebaskek eta lehendakariak atzo egindako bileran lan-istripuak aipatu gabe amaitu izanak agerian uzten du patronalaren eta Jaurlaritzaren lehentasunak ez direla ez langileen osasuna, ezta laneko segurtasuna ere. Langileen mobilizazio iraunkorra beharko da, erakundeek eta patronalak aberastasuna sortzen dutenen osasuna eta segurtasuna serio hartzeko.

Bilatu