Larderian eta zinismoan oinarritutako lidergoa

Bakearen garaia dela esan zuen atzo Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek, haren herrialdeko Kongresuaren baimenik gabe gerra bat abiatu ondoren. «Iranek, Ekialde Hurbileko liskarzaleak, bakea onartu behar du orain» esatea ezin zinikoago gertatzen da, munduan larderiaren jaun eta jabea denak esanda. Ezin zinikoagoa den bezala Israelek, nazioarteko kontrolik gabeko arma nuklearrak dituenak, Irani erasotzeko darabilen argudioa. Iranen negoziazio eskeari emandako erantzuna gerra izan da, «amore emateko», Trumpen hitzetan. Hori gertatzea, baina, ez da oso litekeena, Iran nolabait erantzutera behartuta baitago, horren jakitun eraso zioten Israelek lehenik eta AEBk gero, eta erantzunak erantzuna izango du.

Kiribil horren onuraduna Israel da, noski, abantaila duelako, baina horrek ez du esan nahi egoera ahulean denak etsi egingo duenik; aitzitik, horrek arriskugarriagoa egin lezake egoera. Irango erregimena erortzea edo gutxienez herrialdean kaosa nagusitzea da Israelen nahia, eta ez dira gutxi erregimenaren aurka dauden irandarrak; hala ere, herrialdeko oposizioko indarrek esan dutenez, ez dute Israelek –edo AEBk– eragindako aldaketarik nahi. Nolanahi ere, Netanyahurentzat eta sionismoarentzat onuragarria dena hondamendia izan liteke Irango eta eskualdeko herritarrentzat. Zerbait irakasteko moduko eskarmenturik ez da falta eskualde horretan bertan, hain zuzen, Irakeko inbasioaren eta erregimenaren amaieraren ondorioak oraindik pairatzen ari direla.

Nazioarteko komunitateak behin eta berriz huts egin du. Joan den mendeko bi gerra handien ostean agertu zituen asmo onak berriketa hutsala bihurtu dira, munduaren lidergoa eskubideen, askatasunen eta bakearen defentsan eraiki ordez, indarrean oinarritutako boterearen ezarpena besterik ez da. Esperantzarako tartea murrizten tematuta daude, baina ezin zaio gezurra eta manipulazioa euskarri duen diskurtso horri amore eman, ezta etsipenean erori ere. Herritarrek argi izan behar dute inork ez dituela ahaldundu behar, hori beraien ardura –eta behar– kolektiboa dela; hasteko, esate baterako, Ekialde Ertaineko ankerkeria etengabe salatuz.

Bilatu