Lau hamarkada eta erdi egiaren bila, trabak traba
Gaurko egunez ikusi zuten bizirik azken aldiz Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra'. Batallon Vasco Españolek hartu zituen bere gain, behin baino gehiagotan, Komando Autonomoetako kide eta errefuxiatuaren bahiketa eta hilketa. Haren kasua bortxazko desagertze gisa onartu zuen NBEk. Berrogeita sei urte joan dira eta haren senideek, 'Naparra'-ren gorpuzkien bila orduan hasi zuten bidean, zenbait zantzu aurkitu badituzte ere, ugariago agertu zaizkie trabak, egia ezagutzeko asmoa bertan behera utz dezaten. Hala ere, bide latz horri lotuta jarraitzen dute, nekaezin. Atzo, Giza Eskubideen Behatokiak eskatu zuen bahiketa haren eta gorpuzkien kokapenaren gaineko informazioa eman lezaketen CNIren agiriak desklasifikatzeko.
Euskal diputatu eta senatariengana jo du GEBehatokiak, Gobernu espainolari eska diezaioten 'Naparra'-ren bahiketaren, desagertzearen eta gorpuzkien kokapenaren inguruko dokumentuak desklasifikatzeko. Zehatzago, Cesidentzat lan egin zuen Ramon Francisco Arnau de la Nuezek egin zuen deklarazioari dagozkionak. Izan ere, duela hamar urte Arnauk esan zuenez, 'Naparra' Landetako baso batean lurperatu zuten, eta haren gorpuzkiak egon daitezkeen bi kokapenen berri eman zuen. Estatu frantseseko agintariek bi leku horietako gune txiki bana induskatu zituzten, alferrik. Horiek horrela, koordenatu zehatzak lortzeko aukera sumatzen duenez, 'Naparra'-ren gorpuzkiak aurkitzeko beharrezko informazioa eman lezaketen agiriak desklasifikatzeko eskatu du GEBehatokiak.
Dokumentu horiek desklasifikatzeko uzkurtasuna bat dator Gasteizko Memorialaren erakusketa batean 'Naparra'-ren gaineko egia agertu ordez haren desagertzearen inguruko zalantzak sorrarazten dituen aipamenarekin. Bi kasuetan nabarmena da egia ezkutatu edo lausotzeko ahalegina, biktimak biktimarioaren arabera sailkatzekoa. Bigarren kasuan, 'Naparra'-ren gaineko aipamen hori ez kentzea, familiak hala eskatu arren, errespetu falta ikaragarria da. 'Naparra'-rena ez da bortxazko desagertze bakarra, are gutxiago bazterketa bakarra; edonola ere, begi bistan utzi du familia baten eta haren herrikideen nekaezintasun miresgarria.