Lehentasunezko arloak baliabiderik gabe

Finantzen Euskal Kontseiluaren urriko ohiko bileran urte honetarako itxiera eta datorren urterako diru bilketaren aurreikuspenak zehazten dira. Aurten zerga bilketa %13 jaitsiko dela kalkulatu dute, hau da, ogasunek 2.058 milioi euro gutxiago bilduko dituztela. Datorren urterako, berriz, aurtengo itxierarekin alderatuta, diru bilketa %6,3 igotzea espero dute. Hala eta guztiz ere, aurtengo aurreikuspenekin alderatuta, foru ogasunek 854 milioi euro gutxiago emango dizkiete erakunde komunei, Jaurlaritzari alegia.

Aurreikuspenak zenbateraino diren zehatzak eztabaidagarria izan daiteke, zalantzaz beteriko egoera batean zaila baita zer gertatuko den jakitea. Egia da, hori bai, paperak dena jasaten duela, eta, noski, banatu beharreko poltsa handia denean, beti dela errazagoa aurrekontuak egitea. Beste gauza bat da, aldiz, dirua behar den lekura joatea, eta, hor, egungo banaketa sistemak argi uzten du ez dela horrela izango. Sistema horren ondorioz, datorren urtean Lakuako Gobernuak aurten baino 854 milioi euro gutxiago izango ditu, baina, ezbairik gabe, bere beharrak handiagoak izango dira. Hezkuntza eta, batez ere, osasuna Gasteizko Gobernuaren eskumen esklusiboak direla kontuan izanik, argi dago baliabide gehiago beharko dituela pandemiaren ondorioei aurre egin eta bi arlo horietan atzemandako hutsuneak zuzentzeko. Arraro samarra da uneotan lehentasuna hezkuntzan eta osasunean egotea, eta, aldiz, Jaurlaritzaren eta aldundien arteko banaketa sistema bikainak ez uztea arlootara baliabide gehiago bideratzen.

Bestalde, Europako erakundeek aurten eta datorren urtean zorpetzera jotzeko aukera eman dutenez, ahaldun nagusiek uko egin diote zerga erreforma bat bultzatzeari. Are gutxiago erreforma fiskal progresibo bati ekiteari, preseski ezkertiarra ez den Nazioarteko Diru Funtsak berak gomendatu bezala. Egungo testuinguru honetan erreforma fiskalik bultzatzen ez bada, krisi honetako ondorioak ere langileek ordainduko dituzte azkenean.

Bilatu