Macronek arnasa hartu arren, krisia ez da amaitu
Estatu frantseseko lehen ministro Sebastien Lecornuk bere programa Asanblean azaldu zuen atzo, hitzartze labur eta kontzentratu batean. Egoera ez dago apaindura askotarako. Funtsean, badirudi macronismoa aintzat hartzen hasi dela aspalditik dakiena, alegia, ezin duela modu egonkorrean gobernatu ezkerrera begiratu gabe. Edo, behintzat, ezkerrari keinurik egin gabe. Doinua aldatu da, beraz, baina partitura berdina dela dirudi, ezkerrari betoa mantentzen zaiolako. Mugimenduak, edonola, hor daude. Lecornuk erretreten erreformaren etena iragarri zuen atzo eta zin egin zuen ez duela berriz dekretu bidez gobernatuko. Hots, azken hitza Parlamentuak izango duela beti.
Inolako konbentzimendurik gabe, Gobernua salbatzeko eta krisiari behin-behineko eten bat emateko interesak eraman du macronismoa mugimendu hauek eta beste batzuk eskaintzera, hala nola aberatsei ezarriko zaien salbuespenezko zerga, oraindik zehaztu beharrekoa. Ez dago egiturazko aldaketarik, eta neurri guztiak dira itzulgarriak, baina 2027ko hauteskunde presidentzialetara iristeko arnasa eman ahal diote Lecornuri, PSko eta ezkerreko beste diputatu batzuek behin-behineko babesa ematen badiote, atzo aurreratu bezala. Gisa honetan, indarra galdu dute bihar bozkatuko diren bi zentsura mozioek. Aurretik, bietako bat aurrera atera eta Lecornuk berriz ere dimisioa emango balu, Macronek hauteskundeetara deituko duela ziurtatu zuen.
Presidenteak aurrerapen elektoralarekin mehatxatzeak daukan ironia alde batera utzita, Macronek lor dezake, azkenik, ezkerrak zatitzea. Nahi lukeena baino prezio garestiagoa ordainduta, iazko hauteskundeetan emaitza hain onak eman zituen batasunarentzat azken makilakada eskura du. Batzuek kontuak oso argi dituzten arren, ataka ez da erraza ezkerrarentzat: edo betoa jartzen dion Lecornuri arnasa eman, edo eskuin muturra saritu dezaketen hauteskundeak defendatu. Baina izan orain edo hemendik urte eta erdi barru, hautetsontzien ordua iritsiko da. Eta hor, bai, Peio Dufau EH Baiko diputatuak orriotan aurreko astean esan bezala, elkarrekin ez joatea porrot ziurra litzateke ezkerrentzat.