Negu gorrian, Europan, sindemia agerian

Pandemiak sistemaren arrakala guztiak agerian utzi ditu, sindemia erakutsi du. Sindemiarena, jendarte-egituren eta biologiaren arteko harremanak erakusten dituen ikuspuntua da, hain zuzen ere. Birusaren hedapena, non eta noren aurka jotzen duen, zer klase sozialetako pertsonak kaltetzen dituen gehien, zer zona eta sektore kolpatzen dituen bereziki, baita non eta nola egiten zaion aurre hobekien ere, ez dago soilik birusaren beraren naturarekin lotuta; sistema soziopolitikoekin harreman zuzena dauka.

Europar hiriburu handietako errebaletan, Bosniako mugan edo Mediterraneoan, areagotu egin da pobreek, migranteek eta ijitoek aurretik jasaten zituzten egoeren larritasuna. Egoera horretan, ezer konpondu ez baina auzia beste baterako atzeratzeko balio zuten politikak ez dira jada aski. Sistemaren krudelkeria eta bideraezintasuna nabarmenago geratzen da orain. Ildo horretan, Madrilgo Cañada Real kokagunean egunotan bizitzen ari direna izugarria da. Hamarkadetan zehar, hiritik baztertu eta kanporatutako pertsonak eta komunitateak bertan finkatu dira, halabeharrez. Besteak beste, ijitoen komunitate handi bat bizi da bertan, baita etorkinen multzo handiak ere. Beren egoera larria eta ezaguna zen. Nazio Batuen Erakundeko agentzia desberdinek hango egoera salatu dute, behin eta berriro. Batez ere, umeen oinarrizko giza eskubideak etengabe bortxatzen direla salatu dute: pobrezia eta gosea, ikasteko ezintasuna, arrazakeria, bazterkeria… Irtenbidea bilatzeko planak egin dira, baina ez dira bete.

Pandemiaren erdian, elektrizitatea moztu zieten. Ondorioz, negua gorritzen joan den heinean, beren egoera larritu egin da. Orain premiazkoa egoerari irtenbidea ematea da, alegia, elektrizitatea bueltatzea. Horrekin batera, ondoren, Europan Cañada Real bezalako kokaguneak onartu eta bultzatu dituzten politikak aldatu beharko dira. Txertoarekin batera, sindemiak erakusten dituen harreman kaltegarrion aurkako politika berriak ere sortu beharko dira-eta.

Bilatu