Ogia eta arrosak, sozialismo demokratikoaren eskutik
Zhoran Mamdani New Yorkeko alkate izendatu dute. Sozialismo demokratikoaren ordezkariak hauteskundeak irabazteko erabili zuen agenda hiru lehentasunetan oinarritzen zen: garraio azkarra eta doakoa, alokairuak izoztea eta haurren zaintza unibertsala. Hiriko jende arruntarentzat bizitzaren kostua jasanezina bihurtu da eta lehentasun horiek kezka hori dute jomugan. Atzo, Mamdanik agenda horrekiko konpromisoa berretsi zuen eta nola gauzatu nahi duten iradoki zuen.
Lehenik eta behin, Mamdanik bere kargu hartzea metroko Old City Hall izeneko geltoki historikoan egitea erabaki zuen. Udaletxe azpian dagoen geltoki hori jendearentzat itxita dago orain. Bertan, urtea hasi bezain laster, Letitia James fiskalak Mamdani alkate izendatu zuen. Protokoloa bete eta eskerrak emateaz gain, bere lehen erabakia Mike Flynn Garraio Saileko arduradun izendatzea izan zen. Ingeniaritza ikasketak eta hogei urtetik gorako esperientzia dituen aditua da. Testuinguruak, Flynnen profilak eta erabakiaren azkartasunak hiriko langileen garraioa haien lehentasuna dela erakusten dute. Herritar horiei mezu zuzena bidali zien.
Ondoren, Mamdanik beste ekitaldi bat egin zuen, mitin moduko bat. Bertan sozialismo demokratikoko ordezkari nagusiak izan ziren, hala nola Alexandria Ocasio-Cortez eta Bernie Sanders. Alkate berriak «aitatasun politikoa» aitortzen dio Sandersi, hari jarraituz hasi baitzen politikan, eta ordezkari demokrataren ildoa eta hizkuntza bere egin baititu Mamdanik. Borrokaren ondare hori konplexurik gabe aldarrikatzea AEBko ezker berrituaren ezaugarri bat da.
Bezperan “The Nation” aldizkariari emandako elkarrizketa batean Mamdanik adierazi zuenez, «bizitza ezin da borroka hutsa izan; ezin da soilik ogia irabazteko itxaropenarekin lan egin; arrosak lortzeko itxaropenarekin ere lan egin behar duzu». Sufragisten lelo horri helduz, elementu sinbolikoen eta materialen arteko oreka funtsezkoa da sozialismo demokratikoaren garaipenerako. Trenak, etxebizitzak eta haurtzaindegiak eraiki behar ditu eta, aldi berean, iluntasunaren aurka argitasunaren bidea erakutsi behar du.