Oligopolioen aurrean politika argia falta da

BBVAk Sabadell bankuari egindako bat-egite proposamena atzera bota zuten astelehenean, negoziazioetan sartu gabe. Atzo BBVAk Erosteko Eskaintza Publiko Oldarkorra (EEP) egin zuen. Hitz gogor horrek esan nahi du ez duela erositako bankuaren (Sabadell kasu honetan) zuzendaritzaren oniritzirik. Baliteke bere helburua lortzea, batez ere kontuan hartzen bada bi bankuen erreferentziazko akziodunak berberak direla: BlackRock, Norges Bank eta Vanguard Group kapital-funts handiak.

Espainiako eta Kataluniako gobernuak EEParen aurka agertu ziren. Erosketak bankuak are gehiago kontzentratuko dituela, lehia murriztuko duela eta enpleguan eta banku-zerbitzuetan ondorioak izango dituela argudiatu zuten. Hala izango da, zalantzarik gabe. 2008tik bankuek 100.000 lanpostu inguru galdu dituzte Estatu osoan. Hego Euskal Herrian 1.357 bulego itxi dira, garai hartan zeudenen erdiak. Hainbeste hondatu dira zerbitzuak, ezen Gasteizko Gobernuak 64 udalerritan kutxazain automatikoak jartzeko dirulaguntzak ematea erabaki baitzuen otsailean. Alegia, erabaki zuen mozkinen errekorra hausten ari diren bankuei dirulaguntza publikoa ematea, herritarrei zerbitzu bat eman diezaieten. Botere politikoak bankuen borondateari men egitearen adibide adierazgarri bat. Horregatik, Espainiako eta Kataluniako gobernuen protestak berandu datoz. Praktikan, zer egin dute 2008an Estatuan zeuden 55 bankuak 10era murriztea eragozteko? Zer egin dute enpleguaren odolustea mozteko? Eta sukurtsalen itxiera gelditzeko? Eta banku-zerbitzuen narriadura geldiarazteko? Eta, noski, lehiakortasun falta erabatekoa da: orain hiru bankuk merkatuaren %63 kontrolatzen dute. Fusioa aurrera ateratzen bada, %70 kontrolatuko dute. Lehen lehia zegoen eta orain ez? Non dago muga? Lehia ez zegoen eta ez da egongo. Ezin dugu ahaztu orain arte erregulazio-instantziek sustatu dituztela bat-egiteak.

Begirada zabalduz gero, egoera bera da beste sektore batzuetan, hala nola telefonian, elektrizitatean edo hidrokarburoetan. Agian, iritsi da garaia gobernuek kexatzeari utz diezaioten eta oligopolio horietan sektore publiko bezala eskua sar ditzaten.

Bilatu