Onkologikoak linboan jarraituko du

EAJk eta PSEk Gasteizko Legebiltzarrean duten gehiengoak, oraingoan Espainiako eskuineko ordezkariek lagunduta, baztertu egin du lan mahai bat sortzea Onkologikoaren titulartasuna aldatu eta Donostiako zentroko langileak Osakidetzan integratzeko. Onkologikoaren publifikazioa bermatzeko hitzarmen bat bultzatu nahi zuen ekimenak, langileen, pazienteen eta erabiltzaileen parte hartzearekin. Ekimen hori sobera justifikatuta dago Onkologikoan lan egiten dutenen etengabeko salaketak ikusita. Instalazioen erabilera eskasak eta antolaketa-disfuntzio larriek beldurra eragin dute Ontologikoak minbizia tratatzeko punta-puntako zentro gisa izango duen etorkizunaren inguruan.

EAJk eta PSEk ekimena onartzeari uko egiteak indartu egiten du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak parte hartzen duen foro guztietan eskatzen duen «aldaketa kulturalak» eragiten duen kezka: osasun publikoaren desegite planifikatua. Estrategia osasun sektore publikoa deskapitalizatzea da, pixkanaka kapital pribatuari irabazi asmo handieneko jarduerak emateko. Minbiziaren tratamenduan puntakoa den Onkologikoa publikoa izateak ez du zentzurik estrategia horren bultzatzaileentzat. Horregatik, kutxen bat egitearen ostean bere gain hartu zuenetik, Osakidetza Onkologikoa birmoldatzen saiatu da. Saiakuntza klinikoetan espezializatzeko aukera ez zen aurrera atera, eta, geroztik, estrategia auzia usteltzen uztea izan da. Testuinguru horretan, argi dago Lakuak integrazioa oztopatzen jarraituko duela, zentroak minbiziaren tratamendurako duen potentziala mugatuz bide batez.

Izugarria da herri honetako arduradun politikoek indar gehiago xahutzea enpresa pribatuen interesak defendatzen osasun sistema publikoa indartzen baino. Oso kezkagarria da ere PSEk jarrera aldatu izana gai honetan, bere gobernukidearen nahietara makurtuz. Eta parlamentuan gainontzeko taldeen ekimenak etengabe zapaltzea desastre hutsa da eztabaida politikorako eta demokraziarako. Zorionez, sindikatuek manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako, osasun sistema publikoaren alde. Gauzak dauden bezala, osasungintzaren defentsak ahalegin handia eskatuko du.

Bilatu