Ormuz zabalik, Israel da mehatxurik handiena
Libanon adostutako su-etena indarrean sartu eta ordu batzuetara, Iranek Ormuzko itsasartea zabaldu zuen. Herrialde hartako Atzerri ministroak esan zuenez, horrela jarraituko du su etenak dirauen bitartean. Badirudi Teheranen erabakiak zerikusia duela, su eten horrekin ez ezik, datozen egunetan Islamabaden egitekoak diren negoziazioen bigarren txandarekin ere. Badirudi, beraz, Iranen eta AEBren jarrerak hurbildu direla, baina oso argi ageri da bertako oreka hauskorra eskualdeko tentsioen mehatxupean dagoela.
Donald Trumpek Iranekiko akordioa nahi du, behar du, eta horretarako, Israelen eta Libanoren arteko su etena behar zuen. Atzo, Teheranen erabakia ontzat jo ondoren, Irango portuen blokeoak indarrean segituko duela iragarri zuen, baina baita, aldi berean, akordioa iristear dela ere. Horrek eta Israelen jokaerak erabakiko dute eskualdearen etorkizun hurbila. Teheranek bere erbakiaren berri eman zuenean, Parisen Estatu frantseseko eta Alemaniako liderrak beste 40 herrialdetako ordezkariekin bilduta zeuden, «itsasartea desblokeatzea» helburu zutela, eta segurtasun kondizioek ahalbidetzen dutenean Ormuzko itsasartean nabigatzeko askatasuna berrezartzeko misio multilateral bat bildaliko dutela iragarri zuten. Bileratik irten zirenean, Ormuz zabalik zegoen eta petrolioaren prezioa behera amilduta, baina ez zen Europan hartutako inongo erabakiren ondorio. Parisko bilera horrek ondo erakusten du Europaren rola.
Islamabadeko negoziazio txandaren zain, Iranek dio Libanoko su etena errespetatzea itsasartea zabalik egoteko baldintza dela, eta Trumpek ez duela zerikusirik; edonola ere, atzo esan zuen Israeli bonbardatzea debekatu diola. Besterik da Tel Avivek hori aintzat hartuko duen. Libanoko Armadak salatu zuen Israelek erasoaldiak egin dituela. Tel Aviven jokaera erabakigarria izango da, eta su etenaren aurkako ahotsak entzuten hasi dira Israelgo zenbait sektore politiko eta hedabidetan; Netanyahuk berak adierazi du Libanoko «lana» ez dela amaitu. Ez dago zalantzarik Israel dela Irango eta Ekialde Hurbil osoko gatazkaren amaieraren arriskurik handiena, behin baino gehiagotan erakutsi izan duen bezala.