Ormuzek ageriago jarri du subiranotasun beharra
Badira sei hilabete AEBren eta Iranen arteko gerra edo «Ormuzko krisia» esan dakiokeena hasi zela. Zehatzago esateko, AEBren eta Israelen eraso inperialista. Hark ekarri zuen Ormuzko blokeoa eta harekin batera mundu osoan krisi ekonomikoa eragiteko mehatxua. Herrialde batek beste herrialde subirano bati eraso egitea erabaki zuen, hainbat hildako eragin eta mundu osoko ekonomia baldintzatu. Espero izatekoa zen bezala, krisia AEBko zenbait konpainiaren etekin mardulen iturri izan da.
AEBren erasoak ez du Irango erregimena ahuldu, nahiz eta, hipokrisiaren mukuruan, hala aldarrikatu zuen helburu nagusi gisa; ez du inongo barne aldaketarik eragin, eta ildo horretan eraginik izatera, indartu egin du erregimena. Herrialde hartako buruzagitza desegin zuen, baina bonbardaketek eta mehatxuek, hainbat hildakoz gainera, su eten ahul agortu bat baino ez dute utzi, eta ez da konponbide itxurarik sumatu ere egiten. Bitartean, Iranek Ormuzko itsasartea kontrolatzen du, bere segurtasunerako elementu nagusi bihurtuta. Ikusteko dago noraino iritsiko den Donald Trumpek iragarritako hondamendi ekonomikoa, lehendik ere nabarmen kaltetuta zegoen arren. Edonola ere, egun batzuetarako iragarritako gatazkak enkistatuta jarraitzen du urte erdia igarota.
Jakinekoa da Euskal Herrian ere izan duela eragina itsasarte ezin garrantzitsuago horren inguruko krisiak. Egunotan “Petroherria” izeneko saila irakurgai dago NAIZen eta GARAn, Ormuzko krisitik haragoko mendekotasuna azaltzen duena, joan den mendearen bigarren erdian Bilboko portua erregai fosiletan «espezializatu» zenetik. Oso argigarria gertatzen da, eta hartu beharreko norabiderako zenbait gako ematen ditu. Behin eta berriz ikusi denez, fosilekiko mendekotasuna erabatekoa da, subiranotasun faltak areagotua; energia berriztagarriek eta elektrifikazioak, berriz, subiranotasunerako askoz aukera handiagoa ematen dute, trantsizioa ezinbestekoa den testuinguruan, hain zuzen. Nola egin eta lehentasunak zein diren hemen erabakitzea da gakoa. Subiranotasuna mendekotasunaren kontrakoa da, eta subiranotasun energetikoa, mendekotasun energetikoa saihesteko bidea.