Osasungintza publikoa dago jokoan

Pandemiak gogor astindu ditu Euskal Herriko osasun sistemak. Herritarrek hasieratik onartu zuten birusaren ondorioz inork aurreikus ez zitzakeen arazoak zeudela, eta ulerkor jokatu zuten. Bestetik, osasun-langileek krisiaren erdian lehentasuna herritarrak artatzea zela argi ikusi zuten, eta horrek zekarkien aparteko esfortzua beren gain hartu zuten. Arduradunak gainezka eginda  azaldu ziren, behin eta berriz. Izan ere, Osakidetzan agertu diren arazo guztiak ezin zaizkio inondik inora koronabirusari egotzi. Horietako asko aurretik zetozen joera kezkagarrien ondorio dira. Larriak badira ere, arazo horiek ez dira soilik Jon Darpon eta bere lantaldea dimititzera bultzatu zuten ustelkeria kasuak, ezta politika publiko baten arduradun izateko Nekane Murgaren ezintasun nabarmenak ere.

Paradoxikoki, Gotzone Sagarduik, markatutako agintari horiek ordezkatzera eta arazo horiek konpontzera etorri zenak, jarri du mahai gainean euskal osasungintza publikoak pairatzen duen arrisku nagusia. Nahi gabe izan bada ere. Zerbitzuaren gainbehera eta horren ondorioz osasungintzaren pribatizazioa lehenesten duen ikuspuntu politikoa; hori da Osakidetzak gaur egun duen mehatxurik handiena. Jokaldia ezaguna da: inbertsiorik ezak bideragarritasun arazoak sortuko ditu, eta ordurako alternatiba pribatuak prest egongo dira. Tamalez, Osakidetzako arduradunak dira, hain zuzen, ikuspegi neoliberal hori babesten lehenak. Gero ukatu egin duen arren, frogatuta geratu da Sagarduik publikoki behin baino gehiagotan ideia horiek defendatu dituela. Nola ez, sektore pribatuan zain dauden enpresak Lakuako Gobernuarekin eta, zehatzago, EAJrekin harreman zuzena duten enpresak dira. Mutuak dira adibide bat; Darponen enpresa berria, beste bat.

Politika bidegabe horiei aurre egiteko, osasun sistema publikoan «gertuko arreta, presentziala, sendoa, publikoa eta kalitatezkoa» berma dadin, atzo manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon. Sindikatuek, osasun-langileek, erabiltzaileek eta gizarte zibileko ordezkariek bultzatu zuten mobilizazioa, bat eginda, osasungintza publikoa jokoan dagoela uste baitute. Sagarduiren usteak egia badira, arrazoi dute. 

Bilatu