Palestina babestetik Israel bakartzera

Azken egunak ere latzak izan dira Palestinan: gosetearen sakontzea, tiroketak, bonbardaketak, etxeen eraispen masiboa… 63.300dik gora dira jada hildakoak. Berriz diogu: 63.000tik gora hildako. Israelek «gerra egoera baten markoan gertatzen direla» azaldu du, okupazioa eta hilketa horiek fenomeno meteorologikoak –edo, nahi bada, jainkotiarrak– bailiran. Hamasek «akordio integral baterako prestutasuna» berretsi badu ere, sionistek oldarraldi koloniala bururaino eraman nahi dute, bistan denez: Bezalel Smotrich Finantza Ministroak, esaterako, Zisjordania osorik kolonizatzea planteatu berri du.

Iluntasunean argi printza bat ernatu da, ordea. Izan ere, oraindik nahikoa ez bada ere, kanpo erresistentzia hasi da pixkanaka gorpuzten: blokeoa hausteko asmoz, Global Sumud Flotilla Gazara bidean da, 300 lagun baino gehiagorekin –tartean lau euskal herritar eta Nelson Mandelaren biloba–; Erriberatik Hendaiara, “La Vuelta” Hego Euskal Herritik igaro den egunetan Palestinako banderolez josi dira bazterrak, eta Bilboko etaparen amaiera ekiditea lortu da; haur palestinar baten hilketaren inguruko pelikulak Veneziako Festibala astindu du; gaitzespen mezuen tonua pixkanaka gogortu da; burrunbak egin dira Euskal Herriko udaletxeen aurrean...

Fouad Baker jurista eta aktibista palestinarrak gutun bidez adierazi zuen bezala, ekintzok, protesta zehatz batez harago, «munduari egindako giza garrasi zintzo bat dira: Palestina ez dago bakarrik». Gaineratu zuenez, honek «frogatzen du okupazioa geroz eta bakartuago dagoela, Hego Afrikako apartheid erregimenarekin gertatu zen bezala».

Bien bitartean, batzuek, «zibismoaren» izenean, ilargia seinalatzen duen hatzari begira jarraitzen dute. Ekialdeko esaerak dioenaren kontra, baina, ez dira inozoak, beraien markoa ezarri nahi dute. Horren aurrean, honakoa da auzi garrantzitsu bakarra: eskala guztietan, datozen egun, aste eta hilabeteetan, zein urrats gehiago egin behar dira Palestinako genozidioa geldiarazteko? Nola eraginkortu estrategiak? Herri ekimenetatik abiatuta bideari segika, erantzun politiko, instituzional eta ekonomiko irmoagoak emateko garaia da.

Bilatu