Pandemiak itzali ez duen indar askatzailea

Martxoak 8 zituen atzo eta urtero legez aldarrikapenez jantzi dira mundu osoko kaleak. Egutegian morez markatutako eguna etengabe elikatu beharreko aldaketaren ikur ere bada. Egiturazkoa den patriarkatua agerian uzten du egunez egun feminismoak, horregatik hain justu zaio hain deseroso pribilegio eta botere harremanetan oinarritutako sistema oso bati. Pandemia egoeran emakumeen oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko deitutako mobilizazioen aurrean agertutako erreakzioak horren erakusle dira. Debekuek, ordea, ez dituzte desagerraraziko sistema oso baten gainean sortutako arrakala sakonak.

Covid-19ak ageri-agerian utzi ditu gure ongizate sistemaren gabeziak. Zaintzaren inguruko eztabaida mahai gainean jartzea ezinbesteko gertatu da, nahiz eta horren inguruko hausnarketaren beharraz aspaldi ohartarazi zuen feminismoak. Zaintza erabat feminizatua dagoela agerian gelditu da eta, aldi berean, zapalkuntza horren mende bizi diren milaka emakumeren egoera larriagotu egin du pandemiak. Ez da egon zaintzaren inguruko aitortza sozialik, ezta ekonomikorik ere. Eztabaida publikoa ezinbestekoa da, erakundeen eta gizartearen inplikazioarekin. Geure buruari galdera deserosoak egiteko unea da. Bortizkeria matxistaren errealitatea larriagotu egin du pandemiak, begi publikoetara ikusezin egiten zen bitartean. Patriarkatuak gure bizitzak zeharkatzen ditu eta izurriteak ez du hori aldatu.

Urte batzuk dira feminismoak Euskal Herrian –eta mundu zabalean– hartutako indarraren lekuko garela. Olatu horri eustea erronka handia da, sistema oso bat jartzen delako zalantzan. Pandemiak guztiok zaurgarriago egin gaituen honetan, oinarrian askatzailea den feminismoaren balioak ezin ditugu bistatik galdu. Mugimendu indartsu eta plural baten potentziala dugu parean, belaunaldi gazteak eta zaharragoak elkartu dituena, bortizkeria zantzu oro biluzi duena, kapitalismoaren eta xenofobiaren ereduekin talka egiten duena. Gaur ere, milaka arrazoi daude lanean jarraitzeko.

Bilatu