Paperik gabeko umeen egoera aldatzeko premia

Save The Children-ek eta PorCausa Fundazioak “Paperik gabe hazi” txostena aurkeztu zuten atzo. Egoera administratibo irregularrean dauden adingabe migranteen egoera aztertzen du. Estatu espainolean 147.000 bat paperik gabeko ume daude. EAEn 9.300 eta Nafarroan 3.300 inguru. Proportzioan, EAEn eta Nafarroan, Estatuan baino bi bider paperik gabeko adingabe migrante gehiago dago. Arrazoiren bategatik, horrelako adingabe askok Hego Euskal Herrian amaitzen dute. Beharbada, hemen errazagoa da laguntza publikoak jasotzea. Egoera irregularrean dauden familia pobreak, adibidez, estatuan, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera eskuratzetik kanpo geratzen dira, baina EAEn eta beste erkidego batzuetan paperik gabeko biztanle horiek gutxieneko errenta jasotzeko aukera dute.

Edonola ere, egoera administratibo irregularrean dauden umeek hamaika oztopo gainditu behar izaten dituzte. Txostenean, paperik gabeko egoerak umeengan dituen ondorio nagusiak zerrendatzen dituzte: pobrezia askoz handiagoa sufritzen dute, etxebizitza duinean bizitzeko ezintasuna, hezkuntza jasotzeko traba administratibo amaiezinak, deportatuko ote dituzten beldurra eta bidaiatzeko ezintasuna. Horrek guztiak umeen osasun fisiko eta mentala kaltetzen du eta, zoritxarrez, haurren garapenean islatzen da.

Lazgarriena, berriz, egoerak konponbide erraza duela da: seme-alabak ardurapean dituzten paperik gabeko etorkinen etxeetara bideratutako erregularizazio batek aukera emango luke egoera honek gizartearentzat duen kostua nabarmen murrizteko. Bide batez, migranteak gizarteratzeko dauden aparteko oztopoetako asko ezabatuko lirateke; eta garrantzitsuena: umeen eskubideak bermatuko lirateke. Hego Euskal Herrian dagoen paperik gabeko adingabe kopuru handiak erakusten du hemen gizartearen bultzadaz gauzak egiten direla; baina burujabetza falta zaigu, egoera bidegabe hau aldatzeko.

Bilatu