Patronala mailaz azpitik, soldata minimoen auzian

Duela hiru aste, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eskaera bat erregistratu zuten Lan Harremanen Kontseiluan patronalarekin «gutxieneko euskal soldata» bat negoziatzeko. ELAk eta LABek ere eskaera bera egin zioten CENi Nafarroan. Confebask prest agertu zen proposamena entzun eta aztertzeko. Hala ere, atzo, mahaia osatzeko eguna heldu zenean, patronaleko ordezkariek ezezko biribila eman zuten. Jarrera horrek guztiak harritu zituen, baita Mikel Torres Lakuako Ekonomia sailburua ere. Ezezkoaren aurrean, ELAk eta LABek mobilizazioaren eta herri-ekimen legegile bat abian jartzearen alde egin zuten, eta UGTk eta CCOOk ez zuten aukera hori baztertu.

Negoziazioari muzin egiteko, Confebaskek betiko argudioa erabili zuen: gutxieneko soldata igotzeak «enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna arriskuan» jarriko lituzke. Argudio faltsua, inondik ere. Dagoeneko patronaleko ordezkariek jakin beharko lukete gutxieneko soldata igotzeak kontsumoa suspertzen duela eta kontsumitzaileen gastua handitzen bada ekoizpena ere handituko dela. Beraz, gutxieneko soldata igotzeak jarduera ekonomikoa handituko luke, eta horrek, zalantzarik gabe, onura izango luke enpresen iraunkortasunean. Egiaztapen soil hori ulertu nahi ez badu, patronalari interesatzen zaion gauza bakarra prekaritatea mozkin-iturri gisa luzatzen jarraitzea da. Eredu horrek esplotazio handiagoa, desberdintasun handiagoa, pobrezia eta eskari falta etengabea baino ez ditu eragiten, eta azken horrek bai, horrek negozioak hondoratzen ditu.

Confebaskek seriotasun falta eta ikuspegi ekonomiko falta larria erakutsi du bere ezezkoarekin. Baina baita Euskal Herria ulertzeko modu berekoia ere. Ekonomia Ituna defendatu behar denean, beti agertzen da lehen lerroan, badakielako horrela enpresariek zerga gutxiago ordaintzeko tarte handiagoa izango dutela. Alabaina, aberastasuna banatu nahi denean –soldata duinekin hasten da beti– edo herrialde berdinzaleago bat eraiki nahi denean, orduan ez du deus jakin nahi eta Madrilen erabaki dezatela esaten du. Patronalaren jarrera lotsagarri hori ez dago herri honen erronken mailan.

Bilatu