Politika hilgarriak izan beharko lirateke delitu
Atzo, Estatu frantsesaren eta espainolaren arteko zubian, Bidasoaren bi aldeetako euskaldunak batzen dituen baina estatuek banatzeko erabiltzen duten zubian, jendetza elkarretaratu zen Europako «migrazio politika arrazista eta hiltzaileak» salatzeko. Bihar, migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzita, Baionan epaituko dituzten zazpi lagunei sostengua agertu zieten, Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatuz.
Covid-19 pandemiaz geroztik, Gobernu frantsesak behin eta berriz berritu izan ditu muga ixteko aitzakiak, Europako Batasunaren barneko zirkulazio librea eragotzita, pertsonen larruazalaren kolorearen arabera. Eta politika migratzaile arrazisten ondorioak hilgarriak dira; izan ere, Bidasoan bederatzi migratzailek utzi dute bizia, inori kalterik egiteko, inor molestatzeko ere asmorik gabe. Euskal Herria herri solidarioa da, eta hori ez da delitua, estatuen politikek eta legeek diotena diotela. Ez du zertan delitu izan, baina elkartasunaren kriminalizazioa ohiko praktika dute estatuek, eta Euskal Herrian bereziki ez da kontu berria. Kasu honetan, Korrikaren babesean lagundu omen zieten migratzaileei muga zeharkatzen, eta berehala agertu ziren kriminalizazioaren ahotsak, lagun horiek eta Korrika bera seinalatuz. Euskararen aldeko borroka seinalatzea ere ez da atzo goizeko kontua.
Bihar Baionan epaituko dituzten lagunei migrazio politikek egiten ez dutena egitea egozten diete, pertsonak babestea, pertsona babesgabeenak babestea, hain zuzen. Hala ere, agintariei onartezina iruditzen zaie portaera hori eta, beraz, zigortzeko modukoa. Ez al dira onartezinagoak politika eta lege horiek, ordea? Zer etika motaren parametroetan sartzen dira herritarren, edozein herritarren bizitzeko eskubideari muzin egiten dioten legeak? Mugan izandako heriotzak ez baitziren saihetsezinak, politika horien ondorio baizik. Legeak betearazi beharra dagoela esango dute, baina ez lukete lehenago pentsatu behar giza baliorik oinarrizkoenen aurkako legeak betearazi ordez bertan behera utzi behar ote liratekeen? Legeen zentzua, hain justu, kontrakoa baita, ustez; jendearen eskubideak eta askatasuna bermatzea, alegia.