Polizia gehiago, erantzun okerra

Segurtasuna pertsonon eskubidea da, guztiona, guztiontzat. Oinarri asko dituen eskubidea: lan duin bat, etxebizitza propioa, irakaskuntza eta osasun zaintza efiziente eta doakoa, etorkizun bat gazteentzat, eta, jakina, nork bere ongizateaz eta denbora libreaz gozatzeko lasaitasuna ere bai. Kontrako esanahian, baina badirudi segurtasunik eza pertsonon osotasun fisikoaren eta ondasunen aurkako delituen biktima izatearen beldurrarekin lotzen duela zenbaitek. Eta, bai, gehiago ala gutxiago baina gurearen antzeko gizarte guztietan dauden arrisku horien aurrean administrazioak eman behar duen babesa eskubide horren parte bat da. Eskubidearen parte bat soilik.

Hainbat komunikabidek eta politikarik segurtasunik ezaren eredu hori etengabe xaxatzen dute, nahita. Urruti gabe, atzo Bilboko alkate Juan Mari Aburtok esan zuen jendea polizia txosnaguneetan ikusteko irrikaz dagoela, «txalotu» egiten dituztela, segurtasun sentimendu kolektiboa indartzen dutelako. Ez da, ordea, halako adierazpenak egin dituen Euskal Herriko alkate bakarra. Iruñeko Enrique Mayak eta Gasteizko Gorka Urtaranek berdintsu jokatu dute. Sortzen duten beldur horri probetxua atera nahi diote; batzuek, horizale oportunistarena eginda, hauteskundeetan etekina ateraz. Beste batzuk, badakitelako beldurtutako herritarrek ahalmen eta askatasunak eurak «babesteko» prest azaltzen direnen esku uzten dituztela, gero eta gehiago, eta errazago.

Segurtasunaren arazoa hor dago eta gizarte sektore askoren eskaera zilegia da. Besterik da beldurraren propagandistei hori axola zaien ala ez. Zilegi ez dena eman nahi zaion soluzioa da: polizia gehiago, delituen kontrako bide bakar gisa. «Segurtasun indarren» kopurua eta ikusgarritasuna handitu nahi dituzte, ahalmen eta arma gehiagorekin. Burdinazko ukabilaren eta zorroztasun politikaren apostolu berriei esan behar zaie polizia soluzio bakarra ez izateaz gain, egungo polizia eredua arazoaren parte dela, bereziki Euskal Herrian, eta historian oso atzera joan gabe, gure herrian politika horren alde itsu-itsuan egin denean gertatu direla eskubide urraketa eta polizia basakeria larri eta hilgarrienak.

Bilatu