PP, kontrarreforma erreakzionariorako prest

Alderdi Popularrak Alberto Nuñez Feijoo idazkari nagusi postuan berretsi du, asteburuan egindako Kongresuan. Ia erabateko babesarekin, zuzendaritza egokitu dute –are gehiago maskulinizatuz– eta Gobernura heltzeko «bide-orria» aurkeztu dute, neurri sorta iragarriz: «enpresariei» zergak jaitsi; migrazio «ilegalari» aurre egin; «salaketa faltsuen aurrean irmoak izan»; ikasle guztiak «espainolez heziak izan ahal izateko» Hizkuntzen Legea... Alderdia «zentro erreformista» gisa definitu badute ere, Internazional Erreakzionarioaren katebegia da.

Jose Maria Aznarrek azken asteetan marraztutako ildoan, ez dute Gobernu programa soil bat aurkeztu, ordea. Errekonkistaren doinuan –«birrindu egingo ditugu»–, kontrarreforma erreakzionario oso baterako egitasmo politiko, sozial eta kulturala jarri dute mahai gainean. Horretarako, bloke historiko kontserbadore bat berrosatu nahi dute: erdigunean, «nosotros, los españoles», maskulinoan eta espainieraz deklinatuta eta gutxiengo oligarkikoen interesekin berdinduta; horren ordezkari zentrala, berriz, PP, Vox aliatu nagusi duela. Blokea zabaltzeko asmoz, egungo «inbestidura blokeko» alderdiei ere egiten die eskaintza: PSOEri mendeko aliatu izateko aukera eskaintzen dio, betiere «sanchismoa» alboratu eta «zentzu komunera» –hau da, 78ko hitzarmenetara– itzultzen bada. «Nazionalista eta independentistekin» hitz egiteko prest ere agertu da, baina bi baldintzarekin: «argitasuna» – Konstituzio espainola da jokaleku bakarra– eta «bigilantzia», azken urte luzeetan «desleialak» izan baitira eta «ordena» berrezarri behar baita. Bloke horren kanpo etsaia, suharki errepikatzen duten bezala, «Bildu».

Bistakoa denez, Euskal Herriak ez du lekurik joko-zelai horretan. Horren lekuko, han lehen indarra dena Hego Euskal Herrian alderdi periferiko eta minoritarioa dela –Alderdi Inpopularra ere dei lekioke–. Alabaina, egungo subordinazio egoera dela medio, mehatxua oso erreala da. Horren aurrean, ultraeskuinaren balizko Gobernua ekiditeaz batera, ezinbestekoa izango da «gu, euskal herritarrok» indartu, eszenatoki ezberdinak prestatu eta burujabetzan urratsak egitea.

Bilatu