Segurtasun Sailak formak aldatu ditu, ez besterik

Etxarri Gaztetxea husten ari zirela, joan den apirilaren 3an, Iker Aranak barrabil bat galdu zuen Ertzaintzak jaurtitako foam bala baten ondorioz. Hilabete geroago, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak agerraldia egin zuen Legebiltzarrean, eta aitortu zuen tiroa jaurti zenean ez zegoela istilurik. Horrez gain, gertatutakoa barrutik ikertzen ari zirela esan zuen, eta gardentasunez jokatzeko konpromisoa agertu zuen beste behin.

Atzo, Justizia Aranarentzat plataformak Ertzaintzaren basakeria salatu zuen; zigorgabetasun osoz jokatu zuela eta ordutik Aranari tiro egin zion agentea estaltzeko frogak ezkutatzen aritu dela azpimarratu zuen. Plataformaren esanetan, biktimaren lagunek aurkeztu dituzte froga guztiak, Ertzaintzaren 35 kameren bitartez ez baita bakar bat ere lortu: edo beste norabait begira zeuden, edo irudia lausoa zen, edo itzalita zeuden. Plataformaren ustez, horrek agerian uzten du Ertzaintzak gauzak estaltzeko jarrera izan duela. Horren ondorioz, hiru hilabete behar izan dira tiro egin zuen ertzaina identifikatzeko. Plataformak emandako datuen arabera, bere aurrekoak ez bezala, Zupiriak formak aldatu dituela ondoriozta daiteke: Ertzaintzaren zenbait jarduera ez zirela zuzenak izan onartu zuen eta barne-ikerketa aipatu zuen. Alabaina, praktikan, sailburuak Ertzaintzan dagoen isiltasun araua eta estalketa korporatiboari babesa ematen jarraitzen du. Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen kargari buruzko ikerketan agerian geratu zen elkarri bizkarra babesten diotela, adibidez.

Garrantzitsua da Ertzaintzan gardentasunean pausoak ematea eta jarrera korporatiboak albo batera uztea. Hala ere, hori ez da aski. Plataformak foam balak debekatzea ere eskatu zuen, baita Brigada Mugikorra desagertzea ere, mobilizazio sozial baketsuetan arriskutsua dela erakutsi baitu. Izan ere, ez du zentzurik errepresioan espezializatutako unitate bat mantentzeak, baldin eta herritarren zerbitzura egongo den Polizia bat eraiki nahi bada. Segurtasun arduradunaren jarrera aldatu izanak elkarrizketa errazten du, baina ez da nahikoa. Ertzaintzaren barruan beste aldaketa garrantzitsu asko egin behar dira, Polizia demokratikoa gauzatzen joateko.

Bilatu