Tortura: egiari, orbainei, biktimen begiei begiratuz

Batzuetan irudiek ez ikusiarena egiterik ez dagoen errealitate bat islatzen dute. Pertsonaren duintasuna eta osotasuna errespetatzen duen edonor aztoratzen, hunkitzen eta beldurtzen duten irudiak dira. Atzo Zinemaldian estreinatu zen “Non dago Mikel?” dokumentala horren erakusgarri da. Guardia Zibilak Mikel Zabalzarekin egin zuena ardatz hartuta, azken 50 urteetan 10.000 euskal herritarrek sufritu dutena islatzen du lanak. Hamaika hil zituzten torturatuta, ehunka ospitaleratu, eta kondenatu zituzten torturatzaile bakanak indultatu zituzten, kondekoratu ez zituztenean, familiak are gehiago minduz eta irainduz.

“Non dago Mikel?” dokumentalak errealitate ezkutatu hori erresoluzio osoan erakusten du, eder eta hunkikor. Euskal Herrian tortura ez dela soilik praktika gaitzesgarri eta krudel bat izan, izu eta jazarpen sistema oso baten oinarria izan dela, komunitate bat umiliatu eta gizagabetzeko, bere indarrekiko konfiantzaz husteko, bere borondate kolektiboa likidatzeko. Euskaldunen gorputzen barru-barruko zatien gaineko botere mugagabe baten erakustaldia izan dela, herri honen kontrako masazko biolentzia mekanizatua. Badira sendatzen diren orbainak, baina beste batzuek gorputza eta arima desitxuratzen jarraitzen dute, denbora luzez. Errazagoa da hautsitako hezurra sendatzea zauritutako arima baino. Torturaren infernura jaitsi eta bueltatu zirenentzat bizitza ez zen berdina izan. Ezta beren senide eta lagunentzat ere.

Oraindik ere torturaren existentzia ukatzen dute, zinismo osoz. Boterea erakusteko talisman gisa onartu zutelako, bere inpunitatea baimendu zuten, tabu bat balitz bezala. Herri honen etorkizunak, bakea eta justizia oinarri dituen bizikidetzak, abiapuntu berri baten aukerak, ekuazio suntsitzaile hori salatzea eta aldatzea eskatzen dute, urgentziaz. Tortura bultzatu eta babestu zutenek egindako mina aitortzea behar da, eta, batez ere, basakeria honen eta bere oinaze guztien biktimen begietara begiratzea.

Bilatu