Torturatuak oroitu, aitortu eta erreparatu beharra
Tortura giza eskubideen urraketa larria da, zuzenbide estatuarekin bateraezina; hala ere, baieztapen horrekin bat datozen askok praktika zital hori gertatzea edo gertatu izana ukatu egiten dute beren ibilbidea zikindu ez dadin. Gaur Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna da; berriro ere, Euskal Herrian, hamarkada luzeetako tortura kasuak oroitzeko eguna, baina baita aldarrikatzeko, pauso gehiago eskatzeko eguna ere. Hori egin zuen atzo Euskal Herriko Torturatuen Sareak, torturaren biktimentzako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean aurrerapausoak emateko eskatu, horretarako EAEko Estatuaren indarkeriaren biktimen legea ireki eta esandako norabideko ekimen eta akordio politikoak garatzeko. Sare horretako ordezkariek esan zutenez, lege hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako torturatuak babesteko «mekanismo bakarra» da, eta, 1976tik 1999ra arteko giza eskubideen urraketak bakarrik aitortu beharrean, eperik gabekoa izan behar luke.
Milaka tortura kasu egiaztatuta daude, zauri erraldoi eta irekia osatzen dutenak. Joan den hilean Madrilgo Auzitegi Nazionalak frogatutzat jo zituen Iratxe Sorzabali Guardia Zibilak egindako tortura basatiak –izan ere, ez dago basatia ez den torturarik– eta, ondorioz, absolbitu egin zuten epaiketan. Milaka torturatu epaitu eta zigortu izan dituzte torturatu ondoren; Sorzabali berari ezarri zion torturapean egin zituen adierazpenetan oinarritutako kartzela zigorra beste epai batek auzitegi berean, beste hainbat kasutan bezala injustizia bati beste injustizia bat erantsita.
Beharrezkoa da oroitzea, ahanzturak inpunitateari bide ematen baitio, tortura ukatzeak bezala. Beharrezkoa da, beraz, gaur bezala egunero ere eskatzea Gasteizko eta Nafarroako parlamentuen konpromisoa ere ez dadila ahanzturan geratu. Ez da samurra torturatuarentzat esperientzia hura gogoratzea, baina beharrezkoa da egia jakin dadin, ezerosoa izanda ere, ahal den neurrian justizia eta erreparazioa lortzeko. Iratxe Sorzabalena ez da salbuespen bat, milaka arteko bat baizik, eta guztien aitorpena gutxieneko eskaera da, batzuen kontakizun bakarrarekin bateragarria ez bada ere.