Ultraeskuinaren blokearen ajeak euskal lurraldeetan
Azaroaren 29ko Espainiako Senaturako hauteskundeetan elkarren artean ez lehiatzeko, PPk eta Voxek lortutako akordioak bilgune atzerakoi espainiarrak boterea lortzeko duen gogoa erakusten du. Itun horrek Euskal Herrian hartuko duen forma deigarria da, are eta ikuspuntu elektoral huts batetik ere. PPk uko egin dio Gipuzkoan aurkezteari. Bertan, Alberto Nuñez Feijooren jarraitzaileak gutxiengoa badira, Voxen boto emaileak zuzenean marjinalak dira. Gipuzkoako PPtik «sakrifizio» gisa azaldu dute neurria, baina eserlekua lortzea oso zaila da. Alegia, Voxi egindako opari sinbolikoa da. Nafarroan eta Araban Vox izango da albo batera pauso bat emango duena, hautagai bakarra aurkeztuz eta PPri bidea erraztuz, nahiz eta han ere emaitza onik ezin duten ziurtatu.
Ultraeskuinaren olatu globalak elementu komunak izan arren, indar horiek genealogia propioak dituzte lurralde bakoitzean. PPren eta Voxen arteko tarte ideologikoa Europan alderdi eskuindarren artean izaten dena baino askoz txikiagoa da. Beren arteko adostasunak ez dira interes jakin batzuen defentsara mugatzen. Izan ere, jatorri berdina dute: frankismoa eta falangismoa. 78ko erregimenaren krisiaren barruan, Ciudadanosen porrotaren ondoren, Vox PPren zatiketa funtzional bat baino ezer gutxi gehiago da; hein batean, babesa handitzera bideratutako bereizketa taktiko bat. Adibiderik garbiena Santiago Abascal da, Alderdi Popularraren harrobiko produktua. PPri azpijokoa eskuetatik eskapatu zaiola esango du baten batek. Baliteke, baina ez ados ez daudelako, baizik eta orain Vox boterea lortzeko lehian sartzen zaiolako.
Datorren maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, eskuin espainiarraren itunak ondorioak izango ditu. Zaildu egiten ditu EAJk eta PSEk EH Bildu baztertzeko egindako maniobrak; esaterako Gipuzkoan, horretarako PPrekin itundu behar izan zutelako. EAJk esan du blokeak ez dituela gogoko, baina fronte atzerakoi eta espainolista ez da desagertuko. PSEk erabaki beharko du egitate horren aurrean salbuespen bakarrak berriro ere Euskal Herrian egiten dituen. Hauteskundeen aurretik argitu beharko lukete zer egingo duten.