Zaintza, arrazismo eta matxismo erakusgarri gisa

Gezurrezko izenpean, Ana eta Marta zaintza langileek beren lan esperientzia latza kontatzen dute gaurko orrialdeotan. Migranteak, emakumeak, zaurgarriak dira, eta ez dago esan beharrik esplotatuak ere badirela, hori aurreko ezaugarrien ezinbesteko ondorioa balitz bezala ia. Hala dira biak, eta biek egin zuten lan LAB sindikatuak atzeman duen lan esplotazio sare arrazista eta matxistaren etxebizitza komunitarioetan. Ez dute erreparaziorik espero, baina beren esperientzia mingarria zabaldu nahi dute, ez dutelako eurek jasandakoa beste inork jasaterik nahi. Esan bezala, itxurazko izena darabilte, eta ez lotsagatik; izatekotan ere, beldurrak horretaratuta baizik.

Maiz entzun edo irakurritako egitateak biltzen ditu emakumeon kontaketak; funtsean, zeregin horretako langileen baldintza penagarriak eta adinekoen zaintza zerbitzu eskasa. Zaurgarritasun egoera langileak esplotatzeko baliatzen dute nagusiek. Bi langileon istorioa, sindikatuek salatzen dituzten egoerak oro har, ez dira salbuespenak, zaintzaren inguruan nagusitu den ereduaren ezaugarri baizik. Are larriago, administrazio publikoek onartu eta are bultzatzen duten ereduarena, pribatizazio politikak tarteko. Esplotazio gertakari gordina kontatu dute bi emakume horiek, eta komeni da ez ahaztea esplotazioa ez dela emakume edo migratzailea izatearen ondorio, arrazismoa eta matxismoa azalaren kolore desberdina duenaren edo emakumearen errua ez den bezala. Zaintza merkatu gai hutsa bihurtzearen ondorio da Anaren, Martaren eta milaka zaintzaileren esplotazioa, langilearen duintasunaren eta behar bezalako zerbitzua ematearen gainetik etekin ekonomikoa lehenestearen ondorio. Horrek, aldi berean, arrazismoa eta matxismoa azalarazten du.

Adinekoen zaintzak jendarte baten izaeraren berri ematen du, eta inbertsio gisa ulertu beharra dago, inola ere ez zama gisa. Eskubide bat da; horrenbestez, pertsonen ongizatea eta ez lukurua bermatu behar du Administrazioak, helburu duen zerbitzua, eta, horrekin lotuta, baita zaintzaileen lan baldintza duinak ere. Hasteko, on litzateke hain ohikoak diren gehiegikerien fiskalizazio zorrotza egitea.

Bilatu