Zaintza komunitarioak babes publikoa behar du

Bilboko Udalaren murrizketen ostean, Deustu-San Inazioko Modulu Psikosoziala ixteko arriskuan dago. Modulua kudeaketa komunitarioko baliabide integrala da, irabazi-asmorik gabea, eta hamarkada luzez auzokideen askotariko zaintza beharrak artatu ditu. Erabaki honen ondorioz, hori dena arriskuan dago: Udalak atzera egin ezean, Deustuko auzoak baliabide hori galduko du; dozena bat langilek, enplegua; eta erabiltzaile asko osatze prozesua bururaino eraman ezinda geratuko dira.

Zaintza krisiari aurre egiteko alternatiba gisa zaintza eredu publiko-komunitarioa aipatzen da askotan. Bada, Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialak hori eraikitzeko praktika interesgarriak eskaintzen ditu. 1982an sortu zuten auzokideek eta mugimendu feministako kideek, heroinaren zabalpenari eta beste hainbat arazori modu komunitarioan erantzuteko. Orduz geroztik, beti «ate zabalik», hamaika beharri erantzuten die. Gaur egun ere hala da: indarkeria matxista jasan duten emakumeak, buru osasuneko arazoak dituzten herritarrak eta adikzioak dituztenak dira erabiltzaile nagusiak, eta horiei denei akonpainamendua, informazioa, entzuteko prestasuna eta espazio seguru bat eskaintzen diete, behar bezala osa daitezen. «Baliabide bio-psiko-soziala» den neurrian, hori ikuspegi integral eta multidiziplinariotik egiten dute, «elkarrekin lan eginez». Gainera, modulua auzoan guztiz errotuta dagoenez, Deustuko eskola eta eragile sozialekin batera hainbat ekimen egiten dituzte.

Langileek salatu dute oso egoera prekarioan lan egin behar izaten dutela, eta jakitun dira finantzaketa falta dela-eta moduluak zenbait gabezia dituela. Hala ere, haiek adierazi dutenez, kasu honetan «arazoa ez da moduluak ez duela funtzionatzen, baizik eta funtzionatzen duen baliabide gutxietakoa dela», alegia, egiturazko gabeziak daudela. Hori kontuan izanik, Bilboko Udalak hartutako erabakiak ez du zentzurik, eta alderantzizkoa egin behar da: gutxi-asko funtzionatzen duten baliabideak murriztu edo kendu beharrean, horiek indartu eta auzo guztietara hedatu behar dira, era publiko eta komunitarioan zaintza eredu integrala berma dadin. 

Bilatu