Jasotako babesa eskertu eta torturaren inpunitatea salatu du Martxelo Otamendik

Martxelo Otamendik aurkeztutako tortura salaketa «modu eraginkorrean» ez epaitzeagatik Estrasburgok Estatu espainolari ezarritako zigorraren balorazioa egin du, auziak iraun duen urteotan jasotako elkartasuna eskertu eta torturaren zigorgabetasuna arbuiatzeko. Ikuspegi juridikotik ebazpenak duen garrantzia nabarmendu du Iñigo Iruin abokatuak.

NAIZ.INFO|DONOSTIA|16/10/2012|1 commentaire
20121016_otamendi_balorazioa
Ezker eskuin, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Iñigo Iruin eta Martxelo Otamendi. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean eskainitako prentsaurreko batean, Martxelo Otamendik Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak bere tortura salaketaren inguruan emandako epaiaren balorazioa egin du.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Estatu espainola zigortu du, egun ‘Berria’ egunkariko zuzendari denak aurkeztutako tortura salaketak «modu eraginkorrean» ez ikertzeagatik.

Lehenik, bere abokatuen lana goraipatu eta urteotan guztiotan jasotako babesa eskertu du Otamendik. Bere testigantzari sinesgarritasuna eman diotenei ere esker ona agertu die.

‘Egunkaria’ auzian berarekin batera auzipetutakoak, haietako batzuk torturatuak, ere ekarri ditu gogora eta, oro har, Euskal Herrian tortura jasan izan duten herritar guztiak, bereziki tortura horien ondorioz hildakoak, Esteban Muruetagoiena, Joxe Arregi edo Gurutze Iantzi kasu.

«Merkea da torturatzea»

«Merkea da torturatzea Espainian», baieztatu du Otamendik, eta azpimarratu du Estatuak nahiago duela zigorrei dagozkion kalte ordainak ordaintzea tortura desagerrarazteko neurriak hartzea baino. Esan duenez, tortura deliturik «prebisibleena» da, erraza baita jakitea nork, non eta noiz egingo duen.

Zuzenbideko ikasleei ere gomendioa egin die: Argentinara joan daitezela, tortura kasuak nola ikertzen diren ikusteko.

‘Egunkaria’ auziko absoluzioaren ondoren eta Estrasburgoko Auzitegiak bere kasuaz esan duenaren ondotik, ‘Egunkaria’-ren auzi ekonomikoan oraindik zortzi lagun auzipetuta daudela gogoratu du.

Epai garrantzitsua

Otamendirekin batera izan dira Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai eta Iñigo Iruin abokatua ere. Azken honek Estrasburgoko Auzitegiak emandako ebazpenaren garrantzia nabarmendu du.

Aurrena, Estatu espainolak torturak eraginkortasunez ez epaitzeagatik azken bi urteotan jaso duen hirugarren zigorra dela aipatu du Iruinek, eta aurreko bi ebazpenekiko, Otamendiren ingurukoak «jauzi» bat dakarrela zehaztu du.

Iruinen arabera, Estrasburgok lehen aldiz kritikatu du Entzutegi Nazional espainoleko epaile baten «pasibotasuna».

Era berean, ebazpenak inkomunikazioari lotutako zenbait lege arau ere auzitan jartzen dituela azpimarratu Iruinek, adibidez, atxilotua non dagoen ez jakinarazteko aukera edota abokatuarekin kontaktuan egoteko ezintasuna.

Didier Rougetekin batera Otamendiren defentsan aritutako abokatuak esan duenez, Estrasburgoren ebazpenetik uler daiteke Estatu espainolean erabiltzen diren zenbait salbuespeneko lege Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren aurkakoak eta, gainera, Konstituzio espainiarraren beraren kontrakoak ere badirela.

Horrez gain, Iruinek azpimarratu egin du Estrasburgok bere egin dituela Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak emandako zenbait gomendio, atxilotuak uneoro grabatzea edota konfidantzazko mediku batekin egoteko aukera izatea kasu.

 

INFOS ASSOCIÉES