NAIZ.INFO
DONOSTIA

Metalgintzako bigarren greba egunaren jarraipena «oso zabala» dela esan du LABek

LABen arabera, %60-65eko jarraipena izaten ari da Gipuzkoako Metalgintza alorrean UGT eta CCOOrekin batera deitu duen bigarren greba egunak.

LABeko langileak, Ertzaintza aurrez aurre dutela Adegiren egoitzan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS9
LABeko langileak, Ertzaintza aurrez aurre dutela Adegiren egoitzan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS9

LABek azaldu duenez, Gipuzkoako Metalgintzan deitu duten bigarren greba eguna «oso jarraipen zabala» izaten ari da, bai enpresa handi zein txikietan, eta eskualde guztietan.

Jarraipen datuak astelehenean egin zuten lehenengo greba egunaren antzekoak direla esan du sindikatuak: %60-65 artekoa.

Adegik, berriz, %15era ez dela iristen esan du.

Kateatuta Adegiren egoitzan

LABeko hainbat sektoretako langileak kateatu egin dira gaur goizean Adegiren egoitzaren atarian, herrialdeetako lan hitzarmenen alde. Ertzaintza bertaratu da eta askatu egin ditu. Identifikatu ondoren, alde egiten utzi diete.

ELAk aste osoko deialdia egin du Gipuzkoako Metalgintzan, lan hitzarmenik itxi ez duten enpresetan.