@Nagore Belastegi
DONOSTIA

Hastapenetara itzuliko da Musika Hamabostaldia bere 75. urteurrenean

Hasierako edizioei keinu bat egin nahi die Musika Hamabostaldiak azken aldiko jaialdirik borobilena osatzeko. Horretarako, erakundeek aurrekontu handiagoa izatea ahalbidetu dietenez, 76 emanaldi prestatu dituzte ez bakarrik Gipuzkoan, baizik eta Euskal Herri osoan abuztuaren 1etik 31ra.

Kursaalen egin dute Musika Hamabostaldiaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Kursaalen egin dute Musika Hamabostaldiaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

‘La Bohème’ opera eta Schuberten ‘Sinfonia burutu gabea’ berreskuratuko dituzte Musika Hamabostaldiaren 75. edizioan, azken aldiko «borobilena» Patrick Alfaya zuzendariaren esanetan. Lehenengo jaialdia 1939an antolatu zen eta horren baitan pieza eder horiek ikusi ahal izan ziren, beraz, aurten ere eskaini nahi dituzte. Biak ala biak beste askotan izan dira Hamabostaldian, baina aurten berezia izango da. Izan ere, Pucciniren ‘La Bohème’ Donostian ikusteko aukera izan zen azken aldia 1971n izan zen eta egungo gazteek ez dute hirian ikusteko paradarik izan. Schuberten sinfoniak, berriz, jaialdiari amaiera emango dio.

Guztira 76 emanaldi izango dira, iaz baino 15 gehiago. Hori posible izan da, alde batetik, aurten urte berezia izanik ahalik eta proposamen interesgarri gehien bildu nahi izan dituztelako eta, bestetik, erakundeek diru kantitate handiagoa emateko esfortzua egin dutelako. Horietatik gehienak Donostiatik kanpo ikusi ahal izango dira, baita Gipuzkoatik kanpo ere. Garai batean Euskal Herri osoan zabaltzen zen jaialdia baina diru falta zela-eta Gipuzkoara mugatu behar izan zuten. Aurten Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrira jauzia egingo du.

Musika klasikoa jendeari gerturatzeko asmoz eta jaialdia herrikoiagoa egiteko bidean doako ikuskizunak ere izango dira. Aipagarria da inaugurazio egunean Zurriolako hondartzan, Kursaal inguruan, egingo dutena. Doakoa eta irekia izango da, abuztuaren 1ean, 22.30etan. Egun horretan kontzertuak izango badira ere, ordu horretan festa handia egingo dute Xarxa Teatre konpainiaren eskutik. Musika, argiak, piroteknia eta eszena mugimendua uztartuz ‘Veles e Vents’ lana osatuko dute.