NAIZ

Hibaikak eta Hondarribiak astindu dituzte Gure Esku Dagoren I. Banderak Lekeition

Isuntza Arraun Elkarteak antolatuta, 30 traineru batu dira gaur Lekeitioko uretan Gure Esku Dagoren I. Bandera jokatzera.

Traineruak lehiarako prest. (ARGAZKI PRESS)
Traineruak lehiarako prest. (ARGAZKI PRESS)

Gaur goizean jokatu da Gure Esku Dagoren I. Bandera Lekeition. Guztira, 30 traineru bildu dira Bizkaiko herrian. Estropada Isuntza Arraun Elkarteak antolatu du, Lekeitioko Udalaren laguntzarekin. Estropada jokatu duten traineruak emakumezkoen ligakoak, eta gizonezkoetan ACT, ARC1 eta ARC2 mailakoak izan dira. Tandak osatzeko iazko sailkapenak hartu dira kontuan.

11:00etan hasi da estropada, emakumezkoen kategoriarekin. Lau traineru zeuden
lehian, eta azkenean, Hibaikak lortu du denborarik onena egitea Orio, Zarautz-Getaria eta Oiartzunen aurretik.

Gizonezkoetan, Hondarribia izan da azkarrena. Kaiku, Bermeo, San Pedro, Getaria, Portugalete, San Juan eta Zierbena, hurrenez hurren, sartu dira lehen zortzi postuetan.

Estropadaren ostean, Gure Esku Dagok antolatutako kalejiran abiatu dira Talatik Independentzia plazaraino. Jai giroa egon da goiz osoan Lekeition. Independentzia plazako kioskoan egin da sari banaketa. Bertan, Gure Esku Dagoko, Isuntzako, eta Lekeitioko Udaleko kideek parte hartu dute, eta euren eskutik jaso dituzte Hibaikak eta Hondarribiak banderak. Lekeitioko Gure Esku Dago batzordeko kideek ere hartu dute hitza.