NAIZ
BILBO

Berdintasunerako Emakunde saria, Deustuko Unibetsitateko eta EHUko master banarentzat

Bi masterrek jasoko dute aurten Berdintasunerako Emakunde Saria: EHUk eskaintzen duen ‘Emakume eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak’ masterrak eta Deustuko Unibertsitateko ‘Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko’ masterrak.

Bi master saritu ditu Berdintasunerako Emakunde sariak. (FOKU)
Bi master saritu ditu Berdintasunerako Emakunde sariak. (FOKU)

Epaimahaiak nabarmendu duenez, gaur egun berdintasun-politiketan lan egiten dutenek, sartitutako masterren bidez, beren lana goi-mailako prestakuntzarekin bete dezakete eta beren jardueran beharrezko genero-ikuspegia sar dezakete.

Berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko politiken eremuan goi-prestakuntzako profesionalizazioari egiten dioten ekarpena ere aitortu nahi izan dute.

Apirilaren erdialdean jasoko dute saria bi masterretako arduradunek, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik. 

EHUko Berdintasunaren masterra 2001ean sortu zen eta, harrezkero, erreferente akademikoa da gaian, eta diziplinarteko prestakuntza teoriko eta praktiko zabala du, ikuspegi feministatik. Bereziki sakontzen du berdintasun-politiketan, eta, horretarako, erakunde-eremuan erabiltzen diren tresnak eta neurri zehatzak ematen ditu ezagutzera.

Halaber, erakunde publiko edo pribatuetan berdintasun-agente diren edo izateko aukera edukiko duten ikasleek prestakuntza hobea izateko zeharkako beste gaikuntza batzuk eskaintzen ditu.

Gainera, master horren esparruan emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean inplikatuta dauden pertsonen sarea sortu da.

Aitzindari eta erreferente

Deustuko Unibertsitateko ‘Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko’ masterra, 2003tik, aitzindari eta erreferente da emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko arloko prestakuntza berezia eskaintzen, gaian dagoen gizarte-eskari handiari erantzuteko.

Ikasleei gaikuntza ematen zaie «ikuspegi holistikotik» esku-hartzeak diseinatzeko, planifikatzeko, kudeatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko beharrezko gaitasunak berengana ditzaten. Gaian ikerlan aplikatu eta hausnarketa-lan ugari sortu ditu, master amaierako tesinen bidez.

Hori guztia aintzat hartuta, epaimahaiak nabarmendu du, batetik, berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko prestakuntza espezializatuaren eta kalitateko prestakuntzaren aldeko apustua. Era berean, master horiek duten «eragin biderkatzailea» nabarmendu du. Izan ere, horrek laguntzen du gaur egun berdintasun-politiketan –sektore publikoan zein pribatuan– lan egiten duten pertsona askoren lanbide-eginkizuna goi-mailako prestakuntzarekin eta prestigioarekin egin ahal izateko eta jardueran behar den genero-ikuspegia txertatzeko.

Bestetik, irakasleen artean eta ikasleen artean ezagutza feministaren eta akademikoaren eremuan aliantzak sortu direla nabarmendu du.

Azkenik, bi master horiek EAEn bertan zein kanpoan berdintasun-politiken arloan gizarte-erreferente bilakatu direla azpimarratu dute.

Sari honen bidez, epaimahaiak, gainera, aintzatespena egin nahi izan die, halaber, modu batera edo bestera bi master horietan parte hartu duten edo parte hartzen duten pertsona guztiei, bereziki ikasleei, beren eragin-eremuetan goi-mailako prestakuntza, profesionalizazioa eta kontzientzia duten aldaketa-eragileak izateko prestakuntza hori berenganatzea erabaki dutelako.

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu direnei jendaurreko aitortza egitea eta lan hori nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere.

Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, bi masterren artean banatuko da.