Bat, Barik eta Mugi txartelak garraio publiko guztietan erabili ahal izango dira, Aldirietan salbu

EAEko Garraio Agintaritzako (EGA) kideek adostu dutenez, Bat, Barik eta Mugi txartelak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publiko guztietan erabili ahal izango dira. Renferen Aldirietako zerbitzua akordiotik kanpo gelditzen da, Gobernu espainiarrak kudeatzen duelako. 

Naiz|GASTEIZ|14/01/2019 13:32
Ega-gasteiz
EAEko Garraio Agintaritzaren bilera, Gasteizen. (IREKIA)

EGAko kideek 2014an onartu zuten Interoperatibitatearen Master Planaren arabera, erronka nagusiena zen garraio txartel ezberdinak EAEko garraio publiko moduen %100ean erabiltzeko aukera ematea. Horretarako, beharrezkoa izan da lurralde bakoitzeko garraio agintaritzekin akordioak adostea, astelehen honetan egin den EGAren bileran Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariek berretsi duten moduan.

Lakuako iturriek jakinarazi dutenez, 2014tik hona «integrazioa ia osorik» osatu da, bi garraio modu handi kanpoan geratzen ari ziren arren: Bilboko metroaren 1. eta 2. lineatan Mugi txartelarekin bidaiatzea eta aukera bera eskaintzea Bat eta Barik txartelekin Lurraldebuseko lineatan bidaiatzeko.

Horrela, «EGA osatzen duten kideen borondateari esker», gaurko osoko bilkuran oztopo horiek gainditzea adostu da. Hain zuzen, Bizkaiko Garraio Partzuergotik adierazi dutenez, bi hilabete inguruko epean, Mugi txartela erabiltzen dutenek metroaren 1. eta 2. lineatan bidaiatu ahal izango dute, eta Gipuzkoako Aldunditik esan dutenez, Lurraldebuseko unitateak eguneratzeko egingo diren hurrengo lanetan, Bat eta Barik txartelak erabili ahal izateko elementu teknologikoak sartuko dira.

«Oztopo horiek gainditzeari esker, beste maila bat gainditu ahal izango da interoperabilitateari dagokionean, eta Euskadiko garraio publikoko bidaiarien mugikortasuna nabarmen hobetuko da. Horrekin, hurrengo mugarrian lanean ari dira dagoeneko: txartel bakarra osatzea, elementu fisiko edo birtual gisa», azaldu dute Jaurlaritzatik.

Txartel bakarra

Modu honetan, txartel bakarrari dagokionez, Bizkaian esperientzia pilotu bati ekingo zaio, lau garraio modu desberdin bateratuz gailu mugikorreko aplikazio baten bitartez bidaiatu ahal izateko, erabiltzailearen soslaiarekin bidaiak baliogabetuz. Garraio publikora sartzeko modu berri horren eraginkortasuna, kalitatea, kudeaketa eta segurtasuna ezagutzeko balioko dute esperientzia pilotuaren ondorioek.

Era berean, Arabako Mugikortasunaren Agintaritza Bat aplikazioaren konfigurazioarekin ari da, erabiltzaileek modu erosoan eta edozein ordutan kudeatu ahal ditzaten diru zorroaren karga (ordainketarako pasarela seguruaren bitartez), txartelaren historikoa edo soslaia. Orain arte, Bat txartelaren funtzioak makina baliogabetzaileetan erabiltzera mugatuta zeuden.

Bestalde, abenduan egindako jendaurreko kontsultaren tramitazioa igaro eta hasierarako agindua sinatu ondoren, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak prestatutako Lege Aurreproiektuaren lehenengo zirriborroa ezagutu dute astelehen honetan EGAko kideek. Horrela, tramitazio prozesuari ekin zaio, eta Eusko Legebiltzarrak onartzeko bidaliko den azken dokumentua prestatuko duen lanerako mahaia osatuko da.

Mugikortasun jasangarria

Ibilgailu pribatuaren erabilera handiaren eta petroliotik eratorritako erregaien erabileraren ondoriozko gizarte eta ingurumen arloko arazoei erantzuna eman beharretik sortutako eta bultzatutako kontzeptua da mugikortasun jasangarria.

Lakuako Gobernutik ziurtatu dutenez, «Euskadi ez da zerotik abiatzen, baina egungo ereduaren gizarte, ingurumen eta ekonomia arloetako kostuak arintzen lagunduko duten alternatibak aurkitu eta ezaugarri nagusi gisa jasangarritasuna izango duen mugikortasunerantz aurrera egin behar du».

«Beraz, seguru aski etorkizuneko mugikortasun eredu modernoagoa eta eraginkorragoa ezartzeko orduan jauzi koalitatiboa ematen modu eraginkorrenean lagunduko duen tresnaren prozesua hasi da: Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea», adierazi dute.

Horrela, garraioaren eraginkortasuna hobetzeko prestatutako planteamendu integratuan eta multimodalean ari dira lanean. Helburua da pertsonen eta merkantzien garraioak erantzun beharreko printzipioak eta helburuak ezartzea, mugikortasun jasangarriaren garapen integrala lortzeko, gizarte, ekonomia eta ingurumen ikuspegietatik.

EAEn mugikortasun jasangarria lortzeko beharrezkoak diren tresnak eta prozedurak ordenatu nahi dira, mugikortasunarekin erlazionatutako gaietan eskumenak dituzten administrazioen artean koordinatuta: kable bidezko garraio publikoaren proiekzioa, eraikuntza, martxan jartzea eta ustiapena erregulatzea eta funikularrak, batez ere. Garraio publikoari eta kolektiboari lehentasuna eman nahi zaio, erregai fosilak kontsumitzen ez dituzten baliabideak aukeratuz.

«Horren guztiaren ondorioz aurrera egin ahal izango da lege honen helburu nagusia den mugikortasun jasangarria, sistema eraginkorragoa, lehiakorragoa, irisgarriagoa eta erabiltzaileei egokitutakoa, lortzeko prozesuan», ziurtatu dute.

Una nueva aportación llega de la mano de la licenciada en Ciencias de la Información, Concha Aretxaga, en la que defiende el carácter público de EiTB como garantía de información veraz y contenidos de calidad. No obstante, también plantea cambios relacionados con la gobernanza del ente público.

UNA EiTB EN LA QUE QUEPAMOS TODAS Y TODOS
Concha ARETXAGA