EAEko Lehen Arretako zentroetan grebaren jarraipena %65ekoa izan da, sindikatuen arabera

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Lehen Arretako osasun zentroetan bigarren greba eguna egin dute Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak deituta, langileek bizi duten «egoera larria» kopon dadila exijizeko. ELAren arabera, jarraipena aurreko deialdikoa baino zabalagoa izan da; Osakidetzak %35ekoa izan dela esan du.

NAIZ|17/05/2019 13:57
Lehen-arreta
Lehen Arretako zentroetako langileek manifestazioa egin dute Donostian. (@LABsindikatua)

EAEko Lehen Arretako zentroetan egin duten bigarren greba eguna «oso arrakastatsua» izan da ELAk ohar batean azaldu duenez. Zentro askotan, «hainbat kategoriatan», jarraipena %100ekoa izan da, bereziki mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen artean. %65ean zifratu du jarraipena ELAk.

Langileek manifestazioa egin dute Donostian, eguerdian, Osasun Delegaritzatik abiatuta.

Sindikatuek gogora ekarri dutenez, aurreko greba deialditik Osakidetzak birritan deitu du mahai sektoriala eta bertan jakinarazi die ez duela «batere asmorik epe laburrean Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko», ELAren arabera. «Osakidetzak helburu bakarra dauka: plantilla desmobilizatzea».

Bilera horietan Osakidetzak ez duela «neurri bakar bat ere proposatu» dio ELAk, «horren ordez, etorkizunean aztertu daitezkeen aukera orokorrak proposatu ditu».

Osakidetzaren planteamenduen aurrean, «irtenbide bakarra» greba dela uste du ELAk, eta ohartarazi du «mobilizaziorik gabe ez dela politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere».

Osakidetza

Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Diegok agerraldia egin du Bilbon eta esan du grebaren jarraipena %35ekoa izan dela EAEn. Herrialdeka, Bizkaian %37an kokatu du, Araban %36an eta Gipuzkoan, %31n.