NAIZ

Zenbait atxilotu kanporatzen ari dira, salbuespenezko prozedura baliatuz

G7aren aurkako protesta egiteagatik 85 atxiloketa burutu direla onartu du Prefeturak, baina horietako batzuk ez dira kalera aske ateratzen ari; Hegoaldeko mugara eramaten ari dira, kanporatzeko agindua ezarriz. Hala gertatu da Joseba Alvarez G7ren aurkako plataformako kidearekin. Bart atzeman ondoren, gaur eguerdian kanporatu dute Behobiako mugatik.

Frantziako polizikideak, Baionan larunbatean manifestarien aurka eginez. (Thoman SAMSON | AFP)
Frantziako polizikideak, Baionan larunbatean manifestarien aurka eginez. (Thoman SAMSON | AFP)

Ostiralean zein larunbatean G7aren aurka protesta egiteagatik izandako atxilotu gehienak, batzuk karguak dituztela eta beste batzuk inolako kargurik gabe ari dira aske gelditzen. Baina egoera bitxia gertatu da horietako zenbaitekin, Lapurditik Biriatuko mugara eraman eta hortik kanporatzen ari dira eta, Prefeturak horren berri edo azalpenik eman ez duen arren.

Halaxe gertatu da gaur goizean, esaterako, Joseba Alvarez HBko Mahai Nazionaleko kide izandakoarekin, bai eta gailurrean argazkilari lanetan zebilen beste lagun batekin ere. Kasu gehiago izango direla antzeman daiteke.

Pertsona hauei, hilabete batez Estatu frantsesean sartzeko debekua ezarria zutela jakinarazten ari zaie: G7a ospatzen den hilabetea, alegia. Baina kaltetuek ez zuten honen berririk. Salbuespenezko prozedura erabili dute, beraz. Eta oinarria, nolabaiteko «zerrenda beltz» bat dela erraz ondoriozta daiteke.

"Lurralde debeku" berezia Alvarezen kontra

Atxiloketa gehienak ostiralean Urruñan eta larunbatean Baionan gertatu dira, bi tokietan Polizia manifestarien aurka oldartu ondoren. Baina Joseba Alvarezena, esaterako, errepide kontrol batean izan zen, bart. Alvarezi bere kontra zabaldutako "lurralde debekua" erakutsi zioten. Hilabeteko iraupena zuen debekuaren berri ez zuen berak.

Are, G7ren aurkako plataformako kide gisa bilera eta beste antolaketa lanetan jardun du azken asteotan Donostiako militanteak besteak beste hautetsiekin harremenak landuz kontragailurra baldintza onetan gauzatze aldera.

Gogoratu behar da, bai Lapurdin bai Gipuzkoan eta Nafarroan, guztira 20.000tik gora polizikide dabilela Biarrizko G7 hau blindatu nahiean.