Epaiketa Osakidetza eta Tecmani, langileen «greba eskubidea urratzeagatik»

Tecman enpresako langileak greba mugagabean daude uztailaz geroztik, eta, enpresak greba eskubidea urratu duela iritzita, LABek salaketa jarri du epaitegietan. Gaur izan da gaiari buruzko epaiketa eta elkarretaratzea egin du sindikatuak Eibarko epaitegiaren aurrean.

NAIZ|20/09/2019 17:06
Tecman
Eibarreko epaitegiaren aurrean egin du protesta LABek. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Tecman enpresako langileak Mendaroko Ospitaleko mantenuaz arduratzen dira, eta borrokan ari dira lan baldintza duinen defentsan. Tecmanen eta Osakidetzaren aurkako epaiketa izan da gaur eta LABek deituta, langileek elkarretaratzea egin dute Eibarko epaitegiaren aitzinean, «Greba eskubidearen urraketarik ez!» leloarekin.

Izan ere, 80. greba eguna dute Osakidetzako Tecman azpikontratako langileek, eta «greba eskubidea urratu zutelako» salatu zituen LABek Osakidetza eta Tecman.

KPIari lotutako soldata igoerak

Eibarko epaitegi aurrean adierazi dutenez, hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan eta hala jarraituko dute lortu arte. Zehaztu dutenez, bi puntu hartu behar ditu barnean hitzarmenak: KPIari lotutako soldata igoerak, 2011tik izoztuta dauden soldatak hobetzeko; eta guardia zerbitzuagatik kobratzen dutena eta Osakidetzako mantenuko langileek kobratzen dutena parekatzea.

Aldarrikapen horiek «zilegi» direla azpimarratu dute. «Ezin dugu onartu entitate publiko batean langileak halako prekaritate egoeran egotea».

Tecman enpresako langileak greba mugagabean daude uztailaren 2az geroztik. LABen arabera, ordutik greba eskubidea zapaltzen duten jarrera eta ekintzak sufritzen ari dira. Azaldu duenez, Osakidetzak beste enpresa bat kontratatu du «ospitaleko sukaldeko arazoak konpontzeko» eta langileei xantaia egiten ari dira greba alde batera uzteko «kontratu mugagabeen truke».