Oihana Azkorbebeitiak hamargarren postuan amaitu du Munduko Kopa

Abadiñarra zazpigarren postuan sailkatu zen Limoneko (Italia) lasterketan. Ander Iñarrak, berriz, ezin izan du Top-10ean sartu. Gazteen mailan, Aitor Ajuriak bederatzigarren postua sinatu zuen.

ANDONI ARABAOLAZA|21/10/2019
Azkorbebeitia
Oihana Azkorbebeitiak hamar onenen artean amaitu du Munduko Kopa (EMF)

Internatiotal Skyrunning Federation erakundeak antolatutako World Series-etako azken lehia joan den asteburuan Italiako Limonen jokatu zen. Eta bukatu SyMasters edo finalarekin amaitu zen. Hots, zirkuituan puntu gehien pilatu zituzten lasterkariek "ohorea" izan zuten irteeran egoteko.

Iragarrita zegoen bezala, Euskal Mendizale Federazioak bultzatutako euskal selekzioaren hainbat ordezkari final handi horretan izan ziren. Baina bik benetako protagonismoa izan zuten: Oihana Azkorbebeitiak eta Ander Iñarrak.

Eta hori diogu bi korrikalari hauek sailkapen nagusiko Top-10ean sailkatzeko aukera zabalak zituztelako. Azken emaitza horri begiratzen badiogu, esan dezakegu gazi-gozoa izan dela. Gozoa, abadiñarra hamargarren postuan sailkatu delako. Gazia, lezoarra hamaikagarrena izan delako.

Azken hitzorduari dagokionez, aurreratu behar dugu Limoneko lasterketak sona handia duela. 25 herrialdetako 67 lasterkarik ibilbide tekniko bati egin behar izan zioten aurre. Final horretarako, gainera, antolatzaileek moldaketa batzuk egin zituzten. Batez ere, bat, Carone mendia igotzeko sekzio tekniko gogorra jarri zuten; ferrata edo bide ekipatu bat, alegia. Horretaz gain, Larici mendiaren igoera tentea edo Mugherako bertikal mitikoa. 27 kilometro eta 2.600 metroko goranzko desnibela, hori zen Limoneren ibilbidea. Korrikalariek dioten modura, ezin da akatsik egin, eta uneoro erabat kontzentratuta behar da egon.

Finalaren aurreko behin-behineko sailkapena oso estua zegoen, eta azken proba horretan sailkapen nagusiaren ohorezko postuek puntu bakan batzuengatik alde batera edo bestera egin zuten. Emakumezkoen kategorian, Denisa Dragomir errumaniarra izan zen azkarrena 3:36:55 denborarekin. Zirkuituan oso erregularra izan den Sheila Aviles katalana bigarrena izan zen; irabazlearengandik sei minutura helmugaratu zen. Azkorbebeitiak, berriz, zazpigarren postuan bukatu zuen 4:04:14 denborarekin.

Behin betiko sailkapenari dagokionez, Aviles World Series zirkuituarekin egin da, eta korrikalari bizkaitarrak, Limonen lan ona egin bazuen ere, hamargarren postuarekin konformatu behar izan du. Bederatzigarren postutik soilik puntu batera geratu da: «Egin ditudan Munduko Kopako lasterketa guztietan lehen hamarren artean sartzea lortu dut, eta final horretan ere hori zen nire helburua. Limonen lortu nuen ere, baina sailkapen orokorrean bederatzigarren postuan negoen, eta, azkenean, bat galdu dut».

Lasterketari dagokionez, Azkorbebeitiak adierazi du SkyMasters edo final hori bitxia izan zela: «Sekula ere ez dut parte hartu eliteko korrikalariekin bakarrik. Nortzuk egon diren ikusirik, azkena geratzea ere burutik pasa zitzaidan. Eta hala izan zen lehendabiziko kilometroetan. Zazpigarren postuarekin pozarren nago. Eta, jakina, sailkapen nagusiko hamargarren postuarekin. Erregularra izan naiz; hori da garrantzitsuena».

Iñarra, hamaikagarren

Gizonezkoen kategorian, bestalde, Rut Ueda japoniarraren eta Oriol Cardona katalanaren artean lehia estua eta bizia iragarri zen. Eta aurreikuspen guztiak bete egin ziren. Azkenean, ia esprint batean, japoniarra gailendu zen 3:03:15 denborarekin. Cardona, bigarren postuan, hamabi segundora helmugaratu zen. Garaipen horri esker, Ueda aurtengo zirkuituarekin egin da, eta Cardona bigarren kutxara igo da. Irakurtzen den bezala, oso gutxigatik bada ere, ISF erakundearen World Series zirkuituak katalanen erabateko nagusitasuna ez du izan.

Euskal ordezkariei dagokienez, Iñarra zen erregularrena. Helburua sailkapen nagusian lehen hamarren artean sartzea zen; finalaren aurretik zazpigarrena zen. Baina Limoneko lasterketan ezin izan zuen lan biribila egin; izan ere, min hartuta egon da. Beraz, azken hitzordua ez zitzaion batere ondo atera, eta 27. postuan amaitu zuen: «Goraka ondo joan nintzen, baina jaitsierak oinez egin nituen. Lesioak ez dit utzi gehiago ematen». Lezoarra, azkenean, sailkapen nagusiko To-10etik kanpo geratu da; hamaikagarren postuan sailkatu da.

Iñarraren zapore mingots hori pixka bat leundu zuena Julen Martinez de Estibariz izan zen. Arabarrak hemezortzigarren postuan amaitu zuen 3:22:29 denborarekin: «Gustura ibili nintzen lasterketan. Oso sentsazio onak izan nituen, baina azken jaitsiera luzea egin zitzaidan. Munduko Kopa honetan, puntu gehiago pilatzeko garaian, erregulartasun falta izan zait».

Bestalde, elitekoekin lehiatu ez bazen ere, ez genuke ahantzi nahi Aitor Ajuriak Limone Extreme lasterketan eginiko jarduna. 23 kilometroko eta 2.060 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean Ajuria bederatzigarren postuan sailkatu zen bi ordu eta 31 minutuko denborarekin; irabazlearengandik hamar minutura bukatu zuen: «Asko gozatu nuen probarekin. Ondo hartu nion neurria eta sentsazio onak izan nituen».