Foro Sozialak proposamenak definitu ditu iheslarien itzulera normalizatua gauzatzeko

Foro Sozial Iraunkorrak batzarra egin du gaur Donostian, iheslari eta deportatuak hizpide zituela. Gaur egun, 42 pertsonek osatzen dute kolektibo hau; horietatik bederatzi deportatuak dira. Guztien itzulera normalizatua burutu ahal izateko sei proposamen definitu dituzte, besteak beste, erraztu dadila prozedurarik irekita ez dutenen (edo preskribatuta daudenen) itzulera.

NAIZ|09/11/2019
Foro_soziala
Foro Sozial Iraunkorrak iheslariak eta deportatuak izan ditu hizpide gaur. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Gaur egun, eta azken datuen arabera, 42 pertsonek osatzen dute iheslarien eta deportatuen kolektiboa; horietatik 9 deportatuak dira. Mexiko, Brasil, Uruguai, Txile, Venezuela, Nikaragua, Kanada, Suitza, Belgika, Portugal, Italia, Kuba, Irlanda, Alemania, Herbehereak... izan dira babesa bilatu duten herrialdeetako batzuk.

Datu orokorretan murgilduta, 60ko hamarkadatik 2.500 pertsonak baino gehiagok etxetik alde egin dute babes bila, eta geroztik, guztira, 70 pertsona deportatuak izan ziren. Ordutik, gehienak itzultzen joan dira edo deportazioan hil dira. Gaur egun Venezuelan, Cabo Verden eta Kuban jarraitzen duten bederatzi pertsonek egoera horretan.

Datu hauekin mahai gainean egin du batzarra goizean Donostian Foro Sozial Iraunkorrak. Xedea, ihes egindako eta deportatutako pertsonen itzulerarekin eta birgizarteratzearekin lotutako aurrerapenak eta zailtasunak aletzea.

Egoera hori lehen pertsonan bizi izan duten pertsonen testigantzen arabera, dagoeneko adinekoak dira, eta gehienek osasun-arazoak dituzte –larriak kasu batzuetan–, babesa aurkitu zuten herrialdeetako bizi-baldintzen ondorioz hein handi batean.

Itzultzean, zer?

Aipatu dutenez, birgizarteratzeari dagokionez, itzulitakoan gabezia handiak dituzte beren lan-bizitzan; izan ere, bizi ziren tokian lan egin badute ere, erregularizatu gabeko baldintzetan jardun dute ia beti, eta, beraz, ez dute erretiro bat hartzeko aukerarik, edo erretiro hori oso txikia izan ohi da. Gainera, «hamarkada luzeetan urruti egoteak eta familiarekiko harreman zailtasunek beharrezko egiten dituzte laguntze-prozesuak», eskatu dute.

Hala, Foro Sozial Iraunkorrak, sei proposamen zerrendatu ditu pertsona hauen itzulerari begira. Lehena, «dagokien erakundeek ihes egindako pertsonen itzulera erraz dezatela, prozedura judizialik irekita ez badute edo, egon baziren, preskribatuta badaude». Torturapean lortutako testigantzekin akusatuak izan direnean itzulera bermatzea eta «trantsiziozko justiziaren esparruan, konponbide juridiko bat artikulatu» oraindik «deportazio-zigorra» pairatzen duten pertsona guztientzat.

Laugarren eskaera preskripzioaren erabilera errepresiboaz mintzo da. Alegia, min egiteko helburuaz «prozedura judizialen preskripzioa ez erabiltzea epea gerturatzear denean, eta preskripzio hori gertatu baino egun batzuk lehenago berraktibatzea prozedura horiek», hainbatetan gertatu den bezala, salatu dutenez.

Auzitegi Nazionalari ere eskatu diote pertsona hauen abokatuei informaziorik ez ukatzea horrek oztopatu egiten duelako erregularizazio juridikoan urratsak eman ahal izatea. Azkenik, iheslari eta deportatuak normalizazio prozesuan parte aktibo izatea eskatu dute.