Euskal antzerkiaren inguruko jardunaldia antolatu dute Azpeitian

Antzerkigintzako eragile ezberdinek hausnarketa eta lankidetzarako jardunaldia antolatu dute Azpeitian ostegun honetan. Balio kate guztia agerian jarri nahi dute eta antzerkiari «gure kultur paisaian» leku bereziago bat eman. Parte hartzea doakoa da eta izen emateko epea gaur amaitzen da.

NAIZ|AZPEITIA|19/11/2019
Euskal_antzerkia
Euskal antzerkigintzaren inguruko eztabaida izango da muina. (NAIZ)

Euskal Herriko hainbat eragileren lankidetzari esker abian da Euskal Antzerkiaren Lekua egitasmoa. Sustatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, euskarazko antzerkigintzaren topalekua eta arnasgunea izan nahi du jardunaldiak euskarazko antzerkiari «behar» eta «merezi» duen lekua emateko. «Merezi du leku duinago bat gure kultur paisaian, eman behar zaio leku bereziago bat gure agendan», defendatzen dute.

Lehen hitzordu honetan hainbat aditu gerturatuko dira hitzaldiak ematera. 10.00etan, Ximun Fuchs-en eskutik, ‘Euskarazko antzerkigintzaren pausuak, ibilerak eta errenak’ hitzartzea eta eztabaida saioa izango dira. Kaferako tartea amaituta, Eneritz Artetxeren txanda izango da ondoren, 11.45ean. Berak antzerki sorkuntzan emakumeen presentzia eta genero ikuspegia landuko ditu.

Goizeko saioa ‘Zubi’ deialdi berriaren aurkezpenak itxiko du, Sanagustin kulturunean.

Arratsaldean, besteak beste, «praktika egokien» aurkezpena eta mahai ingurua izango dira. Gonbidatuak Eztena, Zubi, Baratza eta Kulturaz Kooperatiba izango dira, eta, EHAZE-k moderatuta, ‘Euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzeko bide berriak’ gaiaren bueltan arituko dira. Jardunaldiaren bigarren zatia Dinamoa sormen gunean izango da.

Hain zuzen, bertan estrenatuko da, lehen jardunaldia hau ixteko, Esti Culiel-en ‘35 huts’ antzezlana, 20.00etan.

Bide berri bat marraztu

Egitasmoaren xedea euskarazko antzerkigintzako agente desberdinek osatzen duten «balio kate guztia agerian jarri» eta osatzen duten «argazki aberatsa» erakutsi nahi dute. Elkarrekin dituzten erronketaz mintzatu, gabezietaz hausnartu, lorpenak partekatu eta lankidetza sareak osatu nahi dituzte. Hemendik lortutako fruituekin «bide berri bat marraztu» eta eraikitzeko koordenadak adostu nahiko lituzkete.

Euskal Antzerkiaren Lekua antolatzeko lankidetzan aritu dira, besteak beste, Euskal Kultur Erakundea, Nafarroako Antzoki Sarea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Lakuako Gobernua, eta Azpeitiako Udala.

Parte hartzea librea eta dohakoa da baina izen ematea ezinbestekoa da. Honako esteka honetan egin daiteke; gaur amaitzen da epea.