Publikoaren partaidetza eskatuko du Teatro Paraisok ‘ÚniKo’ antzezlanaren estreinaldian

‘ÚniKo, tronutik kendutako printzea’, Iñaki Rikarte arabarrak sortutako lan eszenikoa, 6 urtetik aurrerako haurrei zuzenduta dago. Estreinaldiak planteamendu berritzailea izango du, familiei esperientzia esanguratsu bat eskainiko baitzaie talde artistikoarekin hartu-emanean.

Naiz|Gasteiz|14/12/2019
Uniko
Antzerkia eta txotxongiloak nahasten ditu ikuskizunak. (NAIZ)

Gasteizko Principal Antzokiak Teatro Paraiso konpainiako  ‘ÚniKo, tronutik kendutako printzea’ antzezlana estreinatuko du bihar. Iñaki Rikartek sortutako eta zuzendutako obra antzerki taldearekin batera egiten duen bigarrena da.

Hiru pase eskainiko dituzte, 12:00etan, 17:00etan eta 18:30etan eta euren formatua berritzailea izango da. Hori dela eta, saio bakoitzean 30 ikusle soilik izango dira, haurrak eta horien lagutzaileak barne. Horiek ikuskizuna ikusteaz gain, sorkuntza prozesuan parte hartu ahalko dute.

Dinamika desberdinen bitartez bertaratutakoek antzezlan batek atzean duen lanaren inguruan ikasi eta gogoeta egin ahal izango dute. Era berean, euren emozioak partekatu ahal izango dituzte.

‘ÚniKo, tronutik kendutako printzea’ lanak Paul haurra du protagonista. Gurasoak beti ditu berari arreta eskaintzen eta gainbabestua dago. Egun batean opari berezi bat eskatzen du: arreba txikia. Ez dakiena da bera iristearekin batera lurrikara bat gertatuko dela bere bizitzan eta orain arte ezagutzen zuen mundua irauli egingo dela.

Eszenatokian ikusiko ditugu Paul, bere arreba Irati, hauen gurasoak, amona... honela familia guztiak identifikatua sentitzeko pertsonaiak sortuko ditu. «Espero dugu antzezlanak ondo pasatzeko eta hainbat gaien inguruan gogoeta egiteko balio izatea, tartean elkarbizitza, hezkuntza, autoestimua edo tristura», esan du Rikartek. Lana anzterki tradizionalaren eta txotxongiloaren teknikak nahasten ditu.