Asel Luzarraga idazlea babesteko kanpaina abiatu dute

Duela hamar urte, Txilen bizi zela, Asel Luzarragari Pinocheten garaiko Lege Antiterrorista aplikatu zioten, bere blogean maputxeez idatzitako artikulu batengatik. Orain, itxaropen izpi bat zabaldu zaio euskal idazleari, Txileko Estatuaren kontra jarri zuen helegitea onartu duelako Ameriketako Giza Eskubideen Batzordeak.

Maider IANTZI|28/02/2020
Aselluzarraga
Asel Luzarraga eta Fito Rodriguez, Donostian kanpaina aurkezten. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Asel Luzarraga jazarpen politiko, polizial, judizial eta mediatiko baten zurrunbilo batean harrapatua gelditu zen duela hamar urte. Euskal idazleak Txilen zuen orduan bizi proiektua eta Lege Antiterroristaren pean kondenatuta, 220 eguneko kartzela zigorra bete eta herrialdea uztera behartu zuten.

Orain, Txileko Estatua izan daiteke kondenatuta, idazleak bere aurka jarritako helegitea onartu baitu Ameriketako Giza Eskubideen Batzordeak. Hori lortzeko bidea zaila, luzea eta garestia da, ordea. Horregatik antolatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal PEN klubak idazleari laguntzeko kanpaina, «Asel terrorista? Mesedez!» izenburuarekin.

Elkartasunerako deia

Webgunea sortu dute momentuz, eta bertan, idazle, aktore, musikari eta bertzelako eragileak atxikimendua ematen hasi dira. Diruz laguntzeko zabaldu duten kontu korrontea ere agertzen da webgunean.

Ostiral honetan ekitaldia egin du Donostian Asel Luzarragak, hainbat idazlek lagunduta, Fito Rodriguez, John Andueza, Asier Serrano eta Xabier Mendiguren tartean. Anduezak jakinarazi du dokumental bat prestatzen ari direla 10 urteotako bidea jasotzeko eta «Euskal Herrian zein kanpoan kasu honi merezi duen oihartzuna emateko».

Telefono mugikorra hartu eta grabazio batean hausnarketa bat egitera gonbidatu ditu eragileak Anduezak. «Hurrengo hiru asteetan nahi duenak bideoa grabatu eta guri bidaltzea da asmoa», erran du. Aipatutako webgunean dago informazio gehiago.

Idazlearen testigantza

Asel Luzarragak déjà vu baten gisan oroitzen du gertatu zaiona. «2009ko abenduaren 31n hasi zen dena, edo orduan enteratu nintzen ni. Orain Euskal Herrian nago, libre, etxean. Ematen du gainditua dagoela, baina zoritxarrez ez da hala», adierazi du.

2009an iritsi zen Txilera eta bertako neska bat ezagututa harekin jarri zen bizitzen Temucon, Maputxe herrian. «Errepresio giroa sentitzen zen kalean». Neska-lagunaren eta bere inguruaren bidez maputxeak ezagutzen joan zen Luzarraga. «Borrokan ari den herri bat da, lurrarekin lotura berezia duena eta lur gehienak galduak dituena».

Bere blogean hausnarketa bat partekatu zuen idazleak, ikuspegi anarkista batetik. Gazte anarkisten jarduera batzuetan ere parte hartu zuen.

«Abuztutik aurrera karabineroen furgoneta bat ikusten nuen etxe aurrean. Inguruan izan ziren lapurretengatik zela pentsatzen nuen, baina ordurako helburutzat hartuta ninduten. Abenduaren 31n, bakarrik nengoela, lekukorik gabe, etxea miatu zidaten eta bolbora, su itzalgailua, metxak... jarri zituzten».

Horiek edukitzea leporatu zioten. Hasieran, lau atentaturekin ere lotu zuten, nahiz eta horietako hirutan ez zegoen Txilen ere. Euskal idazleak hasieratik jaso zuen elkartasuna itzela izan zen, bai Euskal Herrian bai Txilen eta bertze herrietan, eta horrekin gelditu zen batez ere.

Kasu «xumea, baina garrantzitsua»

Berea kasu «xumea» dela azaldu du Asel Luzarragak, baina Ameriketako Giza Eskubideen Batzordeak irekitako bide judizialean borrokan «jarraitzea garrantzitsua» dela defendatu du, batez ere antzeko kasuetan edo larriagoetan harrapatuta gelditzen ahal diren «beste pertsonak babesteko». «Benetako terrorista estatua dela ikustea eta estatua kondenatzea garrantzitsua da».

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik. 

Josu OIAGA - FOKU
Loading player...


Haurrekin kalean jolasteko proposamenak dakartza astelehenetik ostiralera NAIZek argitaratuko dituen ‘Umeak kalean’ bideo sortak.

Eider ALTXU / FOKU
Loading player...


FOKUk ekoitzita eta Eider Altxuren eskutik, haurrekin jaki zaporetsu, osasungarri eta errazak prestatzeko bost saio eskainiko ditugu NAIZ.EUS-en, 12.30ean.

[Saio guztiak]

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA