NAIZ

Familiaren zuhaitz genealogikoa online berreraikitzeko aukera, Gipuzkoako artxiboei esker

Gipuzkoako artxiboen web orrialdeek familiaren zuhaitz genealogikoa online berreraikitzeko aukera ematen dute 715.000 erreferentzia eta 1.680.000 irudi eta dokumentu baino gehiagorekin.

Gipuzkoako Artxibo Historikoa, Tolosan.
Gipuzkoako Artxibo Historikoa, Tolosan.

Sarean kontsultatu daitezke, alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dauden artxibo historikoak –Gipuzkoako Artxibo Orokorra (Tolosa) eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Oñati)– eta, bestetik, udal artxiboak, eliza-artxiboak, eta hainbat artxibategi pribatu. Gainera, informazioa zabaltzeko ekintzak azkartu dituzte, bilatzaile-atariak milaka dokumentu-erreferentzia berriz hornituz eta milaka irudi berri gehituz.

«Gipuzkoako artxiboen webguneak bisitatzea aukera ona da konfinamendu denbora hau betetzeko, eta aurkitzeko, eskura dugula Gipuzkoaren eta bertako biztanleen historiaren parte oso garrantzitsu bat, klik soil batez», adierazi du Kulturako diputatu Harkaitz Millanek.

Diputaziotik diotenez, duela urte batzuk beharrezkoa izango zen leku batetik bestera mugitzea, eta dokumentuak ordutegi jakin batean kontsultatzea, baina teknologia berriei esker, ordea, artxibo asko zabalik daude eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan.

«Gure jatorria ezagutzea, gure genealogia egitea eta gure familiei buruz ikertzea, gure artxiboetan dagoeneko tradizioa duen jarduera bat da. Jende asko dago gai horietan interesatuta, gure zentroak eta gure webguneak bisitatzen dituztenak», dio Harkaitz Millanek.

Gure familiari buruzko ikerketa bat hasi ahal izateko, abiapuntua 1900 baino lehen jaiotako gure arbasoen izena ezagutzea dela diote. Informazio horrekin, datu osoak aurki ditzakegu arbaso horien sakramentu, bataio, ezkontza edo heriotza liburuetan (beti 1900 baino lehenagokoak), Donostiako Elizbarrutiaren artxiboko bilaketen atarian: https://artxiboa.mendezmende.org/es/inicio.html.