NAIZ

‘Speed Light’ single berria aurkeztu du Lendakaris Muertos taldeak

Droga kontsumoaren gehiegikeriei eta horren inguruko jarrerei lotu zaie Lendakaris Muertos punk talde iruindarra ‘Speed Light’ single berrian. Udazkenean argitaratuko duten ‘Spainkiller’ diskoaren aurrerapen abestia da.

‘Spainkiller’ diskoaren azala. (NAIZ)
‘Spainkiller’ diskoaren azala. (NAIZ)

Ohikoa duten tonu satiriko eta kritikoari eskutik helduta dator bueltan Lendakaris Muertos talde iruindarra. Badira lau urte euren azken lana, ‘Cicatriz en la Matrix’ (2016, Maldito Rcords), argitaratu zutenetik eta, aurreikuspenen arabera, euren estudioko hurrengo diskoa izango dena udazkenerako prest edukitzea espero dute.

‘Spainkiller’ izenpean argitaratuko du diskoa Iruñeko punk taldeak. Otsailean aurkeztu zuen lan berriaren lehen aurrerapen abestia, ‘To Tomorrow’, eta asteburu honetan, bigarren singlea zabaldu dute sare sozialetan, ‘Speed Light’, droga kontsumoaren gehiegikeriez eta horri lotutako jarrerez gogoeta egiten duen abestia.

Talde nafarrak ohikoa duen tonu satirikoz, «aspiran a las fosas, aspiran a la tumba» gisako esaldiak darabiltzate, zenbait kontsumitzaileren gehiegikeriak eta jarrerak salatzeko. «Van disparados a meterse un tiro, enchufan el morro, ¡rebuznan!, enchufan el hocico. Se meten otra raya para pasar de pantalla», diote.

‘Speed Light’ kantua hainbat plataformatan dago entzungai, eta lyric-videoa ere prestatu dute Youtuberako.  

Lendakaris Muertos punk talde iruindarrak 2004an kaleratu zuen taldearen izen bera zeraman lehen maketa, eta hurrengo urtean etorri zen lehen diskoa, hau ere ‘Lendakaris Muertos’ (2005, Gor Diskak) izenpean. Orduz geroztik lau disko argitaratu dituzte: ‘Vine, vi y me vendí’ (2008, Gor), ‘Directo a los güevos’ (2009, Gor), ‘Crucificados por el antisistema’ (2012, Maldito Rcords) eta ‘Cicatriz en la Matrix’ (2016, Maldito Rcords). Iruindarren seigarren diskoa izango da ‘Spainkiller’, udazken honetan argitaratuko dena.