Irudika nazioarteko ilustrazio topaketa profesionala urrian ospatuko da, Gasteizen

Euskal Irudigileak elkarteak baieztatu duenez, Irudika IV. nazioarteko ilustrazio topaketa profesionala datorren urrian ospatuko da Gasteizen, hilaren 29, 30 eta 31an. Aurtengo edizioan hiru herrialde gonbidatu dira: Quebec, Uruguai eta Estatu frantsesa.

NAIZ|GASTEIZ|01/06/2020
Irudika
Aurtengoa laugarren edizioa izango da, hau ere Gasteizen. (Juanan RUIZ I FOKU)

Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak baieztatu duenez, ilustrazioaren nazioarteko Irudika topaketen laugarren edizioarekin aurrera egingo dute. Hitzordua Gasteizen izango da. Hiru egunez, urriaren 29, 30 eta 31n, mundu mailako ilustratzaile profesionalak batuko dira, hala nola argitaletxeak eta agente literarioak. Euskal Herriko ilustrazioaren sektoreak leku nabarmena izango du, baita ere edizio honetara gonbidatu gisa bisitatuko gaituzten herrialdeak, hala nola Quebec, Uruguai eta Estatu frantsesa.

Ekitaldiaren antolatzaile den Euskal Irudigileak lanean ari da formatu egoki bat aurkitzeko, «osasun baldintzak eta topaketaren martxa ona segurtatzeko», azaldu dute. Hala, topaketa antolatzen ari den lantaldea hainbat proposamen ari da lantzen, presentzia fisikoa eta birtuala uztartzen dituztenak eta beti ere helburutzat dutenak «laugarren edizio hau ongi atera dadila profesional parte-hartzaileentzat, publikoarentzat eta Irudika posible egiten duten langileentzat».

Aurtengo edizioaren kartela egiteko Irudika topaketa profesionaletan artistei laguntzeko egiten diren egonaldietan sortutako irudia eta animazioa erabili dira. Araiz Mesanza (Gasteiz, 1983) ilustratzaileak sinatu du irudia eta Raquel Meyers (Cartagena, 1977) egileak animazioa. Araizen beraren hitzetan, «natura pertsonifikatu nahi izan dut nolabait, eta kulunka bat sortu errealitatearen eta magiaren artean. Eta keinu bat egin oso trinkoa eta denbora berean oso arina den grabitate indar moduko bati, etengabe aldatzen eta mugitzen ari dena».

Covid-19aren osasun krisiaren ondorioz dekretatutako alarma egoerak zapuztu egin zuen ilustrazio eta animazio arloak sustatzeko Irudika topaketaren laguntza-programaren azken fasea, izan ere, Irudika egonaldiak martxoaren 15ean bukatzea zen asmoa, Angoulême-ko Maison des Auteurs zentroko egonaldian zehar.

Mesanza eta Meyers artistek burutua zuten jada beren egonaldia Bilbaoarte baliabide zentroan, eta Angoulêmen zeuden egonaldien amaierako prozesuko erakusketa inauguratzeko prest. Hala, apirilaren 6an egitekoa zen ekitaldia 2021era atzeratu behar izan da.