Euskal gazteriari «Euskal Herriaren eraikuntzan mugarria jarri eta Larhun mendira igotzeko deia» luzatzen diote Ernai eta Atzinak. Prentsa ohar baten bidez adierazi dutenez, «independentzia ezinbestekoa zaigu, Euskal Errepublikan eraikiko baitugu berdinen arteko herria, Bokaletik Tuterara eta Eskiulatik Trebiñura».
Osasun krisiagatik Euskal Herria bitan banatzen duen muga Hendaiatik Otsagabiara itxi zutela oroitarazten dute gazte antolakundeek. «Oraingoan baina, muga hari muzin eginez, Bera eta Olhetatik abiatuz Larhun gailurrera» igoko direla nabarmendu dute.
Goizeko hamarretan ezarri dute hitzordua, Olhetako Tarbenia ostatu aitzinean eta Berako Alzate plazan. Parte-hartzaileei janaria eramateko gonbita ere luzatu diete, eta «gazteok independentziaranzko bidean berresten garela gogora ekartzeko» tontorrean egingo duten ekitaldi xume baten ostean, guztiek elkarrekin bazkalduko dutela iragarri dute.
Mendi martxarekin, «martxan den gazteria» irudikatuko dute gazte antolakundeek. «Bi bide egingo ditugu, bide berean eta norantza berean independentziarantz goaz; eta batera ekingo diogu», dio Ernai Eta Aitzinak kaleratu duten agiriak.
Osasun krisiaren erdian
Covid-19aren ondorioz ezarri diren itxialdietan zein itxialdien ostean, «askatasun indibidual eta sozialen gibelaldi larria nabaritu» dela salatu dute medi martxaren antolatzaileek, eta ondorioz, «leihoetako txaloaldiak karriketako mobilizazio bilakatzeko tenorea iritsi» dela iritzi diote.
Krisi ekonimikoa ere hizpide dute gazte antolakudneek prentsa oharrean. «Heldu den krisia ez dugu gazte prekariook ordainduko» ohartarazi dute gazteek, eta «krisi hau CAC 40ak eta IBEX 35ak ordaindu dezala» aldarrikatu dute.