Novaltiako langileek urtebete baino gehiagoko greba mugagabeari eusten diote, hitzarmenaren alde

Novaltiako langileak Bilbon elkarretaratu dira ostiral honetan eta zuzendaritzari «negoziazio erreala» exijitu diote. 2019ko uztailaren 22an abiatu zuten greba mugagabea kontratazio berriek sufritzen duten soldata eskala bikoitza ezabatzea ahalbidetuko lukeen hitzarmen propioa lortzeko.

NAIZ|07/08/2020
Novaltiamobilizazioa
Novaltiako langileak Bilboko plaza Biribilean elkarretaratu dira. (@ELAsindikatua)

Novaltia farmazia-banaketako kooperatibako langileek manifestazioa egin dute ostiral honetan Bilbon. Hitzarmen berriaren negoziazio-mahaiari berrekitea eskatzen diote zuzendaritzari, honek, aldebakarrez, negoziazio-mahaiarekin hautsi zuela aurpegiratuta.

Iazko uztailean greba mugagabea abiatu zuten arrazoi horrengatik eta urte bat baino gehiago pasatu den honetan, «negoziazio erreala» exijitu diote agintariei; hau da, hitzarmen berriaren negoziazio-mahaia berrekitea. 

Soldata eskala bikoitzak ezabatzea, azpikontratazioa mugatzea, lanaldia murriztea eta soldata igoerak bermatzea dira Novaltiako langileen aldarrikapen nagusiak, hala nola Zamudioko lantegian bizi duten prekarietatearekin amaitzea ere exijitzen dute. 

Honekin lotuta, behargin hauen egoeran «prekarioan» farmaziek ere erantzukizun handia dutela gehitu dute, hauetako jabeak Novaltiako akziodunak baitira.

Ildo beretik, Lan Ikuskaritzaren jarrera «motela eta pasiboa» salatu dute, langileek grebarako duten eskubidea urratzen ari dela ikusita ezer egiten ez dutela argudiatuta. Izan ere, ELAk baieztatu duenez, Novaltia langile berriak kontratatzen ari da grebalariak ordezkatzeko, Lan Ikuskaritzak esku hartzen ez duen bitartean. Langile hauek Aldi baterako lanerako enpresen (ETT, gaztelerazko siglengatik) bitartez egiten ari direla jaso du sindikatuak.

ELAk aurreratu du, greban dauden langileek mobilizazio desberdinak egingo dituztela datozen egunetan Novaltiako farmazien aurrean, «gatazka horretan duten erantzukizuna adierazteko».

Novaltia farmazia-banaketako kooperatiba bat da, eta bazkideak hainbat farmaziaren jabeak dira, bai Euskal Herrikoak, bai Aragoikoak. EAEko farmazia-banatzaile handiena da. ELA sindikatuak gogoratu du 2019ko urtarrilean, jada duela urte eta erdi, alde bakarrez hautsi zuela zuzendaritzak hitzarmen berrirako negoziazioa.