Museoen Eguna, erreibindikazioaren eta ospakizunaren arteko marra finean
Date
16.05.25 - 18.05.25
Lieu
Bizkaia - Bilbo
.jpg)
Kontserbaziorako espazioak baino gehiago direla aldarrikatu dute museoek, «komunitate jasangarri eta inklusiboak eratzeko parte-hartzaile aktiboak» direla diote, alegia. Hori azpimarratu nahi izan du hain zuzen ere International Council of Museum (ICOMek) elkarteak aurtengo Museoen Nazioarteko Eguneko deia egin duenean.
1977etik ospatzen den jai egun hau, gurean bi egunetan banatuko da: larunbata 17an Museoen Gaua egingo baita Ipar Euskal Herrian –Estatu frantses osoan legez, gauerdira arte izango dituzte zabalik ateak–, Hego Euskal Herrian igandean, hilaren 18an, Museoen Egunean bertan, ospatuko den bitartean. Museo guztietan bisitariek doan sartu ahal izango dira eta gehienek asteburu osora hedatu dute ospakizuna.
Bizkaian: Guggenheim lepo eta protestak
Bilboko Guggenheim Museoak sarrera doan eskaini ditu aste osoan zehar –online eskuratu zitezkeen–, baina dagoeneko agortuta daude. Dena den, museoko iturriek argitu dutenez, webgunean agortuta agertzen diren arren, txarteldegian egon daitezke sarrerak eskuragarri. Igandean haraino eramango du Guggenheim Urdaibai Stop! plataformak bere aldarria. Egun osoan zehar, eta modu baketsuan, informazioa banatuko dute museora gerturatuko direnen artean, eta 13.00ean, elkarretaratze bat burutuko dute museoaren aurrean. Bertan, Maren abeslariaren laguntza izango dute.
«Euskal Herriko naturgune baliotsuenetako bat babesteko beharraz, Busturialdeak dituen ezaugarri eta beharrekin bateraezina dena eta beraz, behar ez dugun makroproiektu museistiko honen aurrean gizartea informatu eta kontzientziatu nahi dugu, besterik ez», aipatu du plataformak.
Bilboko Arte Ederren Museoaren aurrean ere elkartaratze bat deitu du herri plataforma batek igandean bertan, 12.00etan, Norman Fosterren eraberritze lanen aurkako jarrera islatutzeko asmoarekin.
Arte Ederren Museoko sarrera doan izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da leihatilan, ekitaldiak hasi baino 30 minutu lehenago gutxienez. Museoak berak prestatu dituen jarduerei dagokionez, 11.30ean, arteari eta literaturari buruzko bisita gidatua egingo da, ‘Del Greco a Zuloaga’ erakusketaren inguruan; 12.00etan, ‘Max Ernst. Paris, 1922-1928’ erakusketa bisitatu ahal izango da eta, ondoren, 13.00etan, Josetxu Obregón musikariak biolontxelo bakar bat eskainiko du Icaza hallean.
Egia esan, aurtengo Museoen Nazioarteko Eguneko eskaintza bereziki indartsua da Bizkaian, herrialdeko 45 museoek ateak zabalduko dituztelako. Eskaintza osoa museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri eta ‘Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste’ lelopean egingo diren ekitaldietatik, batzuk aipatzearren, Bilboko Abandoibarran, Evaristo Txurruka kaian zehazki, egongo diren ikusentzunezko piezak eta 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerren gunea azpimarratu daitezke.
Itsasmuseumek Urez Ur Fest jaialdia hartuko du –itsas ingurunearen dibulgazioari, kontzientziazioari eta kudeaketari eskainitako jaialdia–, Bizkaia Zubitik %20ko deskontua egingo dute pasabideko sarrera guztietan igandean, Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan ‘Itsu koplak’ ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Josune Aramendi bertsolariak eta Unai Iturriaga bertsolariak Ziortza-Bolibarren argazki sorta batean inspiratutako bat-bateko istorio bati forma emango baitiote, eta Arrantzaleen Museoan, Bermeon, asteburu osoan zehar sarrera doakoa izango da, Arrain Azoka dela aprobetxatuz.
Ipar Euskal Herrian: Museoen Gaua
Gauez, Estatu frantseseko museoetan egingo den legez, larunbata 17an ospatuko da aurten ere Ipar Euskal Herrian ‘La Nuit des musées’; hau da, museoen gaua.
Baionako museo guztiak zabalik egongo dira gauerdira arte (sarrera doakoa izango da, noski) eta, adibidez, Euskal Museoan ‘Bertso bat museorako’ ekimena antolatu du: 20.00-21.00ak bitartean, Jean-Moulin eskolako ikasleek bertsotan arituko dira; ondoren, eta 22.00ak arte, Nahia Sasco bertsolariaren saioa izango da.
Sarrera doakoa izango du ere, esaterako, Kaboko Arnaga museoak eta 19.00etik 23.30ak bitartean hainbat ekitaldi burutuko dira museoan Belle Époque delakoaren inguruan.
Nafarroa: hezkuntza eta ikerketa
Nafarroan ospakizuna ‘Nafarroako Museoak, hezkuntza eta ikerketarako guneak’ lemapean burutuko da. Sarrera doakoa izango da museo guztietan eta hainbat ekitaldi antolatu dira egunari lotura.
Eta zer bisitatu ahal izango da? Herrialdeko hiru museo publikoei –Nafarroako Museoa, Karlismoaren Museoa, eta Julio Caro Baroja Museo Etnografikoa, alegia–, beste hamabi museo eta bilduma museografiko iraunkorrak gehituko zaizkie, adibidez, Jorge Oteiza Museo Fundazioa, Julian Gayarre Museo Etxea, Gustavo de Maeztu Museoa...
Altzuzako Oteiza museoak Jorge Oteizaren obraren eta pentsamendu estetikoaren ezagutzan sakontzeko aukera emango du egitarau berezi batekin. Iñaki Garmendiaren ‘Faux Départ’ aldi baterako erakusketa probesturik, topaketa bat antolatu da artista horrekin maiatzak 17 (12.00etan) eta, ondoren, erakusketa bera bisitatuko da.
Programa berezi horrek igandean jarraituko du (12.00etan) ‘Masatik hutsera. Oteiza Museoko zuzendariak gidaturiko ibilbide bat’ saioarekin. Han, Gregorio Diaz Ereñok, Oteiza Museoko zuzendaria eta Jorge Oteizaren obran eta pentsamenduan aditua, artistaren eskultura-prozesuetan eta obraren ezaugarrietan sakonduko du.
Gipuzkoan: Dantza eta trenak
Donostiako San Telmo eta Euskal Itsas Museoko sarrerak doakoak izango dira asteburu osoan zehar. San Telmon, gainera, musika emanaldiak izango dira bi goizetan zehar, hitzaldi dantzatu bat (‘Korrutik pikutara’ hitzaldi dantzatua Oier Araolaza eta Gari Otamendirekin, larunbatean 18.00etan) eta mota desberdinetako lantegiak. Bereziki bitxia da larunbata goizean Nagore Legarretak 12-16 urte bitarteko gazteentzat emango duen argazkilaritza estenopeikoko tailerrra... eta horretarako metalezko lata bat eraman beharko dute haurrek.
San Telmon eta Itsas Museoan ere bisita gidatu bereziak atondu dira. Hori bai, San Telmon ‘Herri-musikaren artisauak’ eta ‘Ipuscua. 1000 urte’ bisita gidatuan egiteko, izen ematea web bidezko erreserba behar dute aurretik.
Hiriburutik kanpo, Hernaniko Chillida Lekuk, esaterako, familiei bideratutako bisita gidatuak antolatu ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, igande goizean. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoari dagokionez, larunbatean ohiko irteerak mantentzeaz gainera, igandean tren historikoak bihurtuko ditu protagonistak: 11.00, 12.00 eta 13.00etan Azpeititik Lasaorako bidea egingo dutenen artean Kraussek (Munich, 1920) Ferrocarriles Vascongados-entzat egindako ‘Euskadi’ eta Sharp Stewart-ek (Glasgow, 1888) Zornotzatik Gernikarako trenbidearentzat egindako Zugastieta trakzionatutako lurrunezko tren historikoak daude.
Araba: Artium, lorategia bihurtuta
Asteburuan sarrera doa eskainiko dute Arabako museo guztiek. Artium museoari dagokionez, familiei zuzendutako jarduera-programa batekin eta bisita gidatuak indartu ditu asteburu guztian zehar.
Larunbatean, ikasleentzako tailerretan egindako lanak biltzen dituen erakusketa bisitatu ahal izango da Lorategian, eta, aldi berean, Jose Ramon Ais artistak (Bilbo, 1971) ‘Lorategi batean’ izeneko tailerra emango du larunbatean eta igandean (10.00-13.00etan, aldez-aurretiko izena ematearekin). Artiumen sarrera nagusitik barruko plazaraino zeharkatzen duten zuhaitz-ilarez osatu du Aisek museoarentzat egin duen instalazio artistiko bat.
Horrez gain, larunbatean (17.00) Naita antzerki taldeak kontzertu antzeztuko bat eskainiko du haurrentzat eta, halaber, asteburuan zehar indartu egin da museoko erakusketa eta bildumarako bisita gidatuen eskaintza, edukiera mugatuarekin; beraz, gomendagarria da tokia erreserbatzea 945-209020 telefonoan.
Emplacement
Museo Guggenheim
Bilbo. Bizkaia