Haritz Larrañaga

Margaret River urautsia: Australia hego-mendebaldeko itsaskien hiriburua

Urautsi oso ezaguna da Margaret River. Surf munduan ingurune ezaguna izan arren, orain urte gutxira arte oso txapelketa gutxi egin dira bertan. Baina zeintzuk dira Margaret River berezi egiten duten osagaiak? Zein da bere historia?

Urautsi oso ezaguna da Margaret River.
Urautsi oso ezaguna da Margaret River.
Australiako hego-mendebaldeko Perth hiritik 280 kilometro hegoaldera dago Margaret River. Bertako ardo bikaina ezaguna da eta turista dezente erakartzen du. Hala eta guztiz ere, eta azkenengo urteetan biztanleriak gora egin duen arren, nahiko eremu isolatua izaten jarraitzen du.

Australia mendebaldearen eta Afrika hegoaldearen artean dagoen Indiako ozeanoan 4.000 milia baino gehiago daude. Halako eremu zabalak itsaski sendo eta luzeak sortzen ditu, olatuen arteko baga luzeekin, eta itsaskien maiztasuna munduko altuenetako bat da.

Klima mediterraneoa da. Hezetasuna da nagusi urteko edozein sasoitan, baina batez ere maiatz eta abuztu artean egiten du euri gehien. Udan sekulako beroa egiten du, batez besteko tenperaturek 30 graduak erraz gainditzen dituzte eta itsasoko uraren tenperatura, berriz, 22 gradutan izaten da. Haize aldaketa bortitzak dituen eskualdea izaki, surf egiteko sasoi onenak udaberria eta udazkena izaten dira, haizeteak hain bortitzak ez diren sasoiak, alegia.

Laurehun bat metroko zabalera duen uharri plataforma baten gainean jasotzen da Margaret Riverreko urautsia. Bi alboetan sakonera handia dago, beraz, ur lasterrak izaten dira. Itsasertzetik urrun, ezker-eskuin lehertzen den olatua izan arren, batez ere ezker olatua da ezaguna.

Batzuetan, itsaskiaren norabidearen arabera, olatua ur askoko eremuan altxatzen denez, olatu «fofoa» izaten da eta pixkanaka sakonera handiko uretan itzaltzen da. Beste batzuetan, hasieratik olatu borobilak sortzen dira eta sakonera txikiko uretan amaitzen da olatua indar handiarekin.

Surflari askok Hawaiiko Sunset eskuin olatuarekin alderatzen du Margaret Riverreko ezkerra, olatuak bere ibilbidean hartzen duen forma oso antzekoa baita. Olatu handiak hartzeko lekua da batez ere, baina olatuak txikiagoak direnean eskuinaldera olatu borobilak ere sortzen dira.

Margaret Riverrek urautsi gehiago ditu inguruan, ordea. Ia kilometro bat iparraldera The Box eskuin olatu indartsua dago, ibaiaren beste aldean. Esperientzia handiko surflarientzako olatua da, izugarri zaila baita. Hori bai, bodyboard zaleentzat leku bikaina da. Oso olatu azkarra da, hasiera zaila duena eta sekulako tuboak sortzen dira bertan.

Hegoaldera berriz, Bombie urautsia dago. Hori ere eskuin olatua da, indartsua da, eta tuboak izaten dira bertan, baina ez da The Box bezain biribila.

Margaret River eta The Box artean norabide anitzetako pikoak altxatzen dira hondartzan, eta batzuetan, hondoen arabera, sekulako tuboak sortzen dira.

Lehen urratsak

60ko hamarkadako lehen urteetan hasi ziren Perth eta Garcetowneko surflariak Margaret River inguruko urautsiak esploratzen. Lau ordu gidatzen aritu ostean, oinez abiatzen ziren itsasbazterreko bidexketan zehar eta askotan bertako arrantzaleei galdetu behar izaten zieten zein bidezidor aukeratu.

Hasieran Yallingup urautsian aritzen ziren surf egiten, baina pixkanaka inguruko urautsietara zabaltzen hasi ziren surflariak eta 60ko hamarkadaren amaieran Margaret Riverren bertan surf egiten zuten.

Garaiko hippy mugimenduak surflari asko erakarri zuen. Lasaitasun bila gerturatu zen surflarien artean Robert Conneeley izan zen aitzindarietako bat. Sidneyko Bondi hondartzako surflari ezaguna zen Conneeley. Bere atzetik zenbait australiar eta AEBetako zenbait surflari ere gerturatu ziren eskualde bakarti hartara.

Garai hartan hara bizitzera joan ziren ondorengoen artean dago, esaterako, Taj Burrow, egun munduko lehiakide hoberenetakoa dena.

70eko eta 80ko hamarkadetan zenbait txapelketa egin ziren Margaret Riverren eta horrek urautsia ezagutarazi zuen. Bertako ardo bikainari esker turismoa gora egiten ari zen garai batean gertatu zen hori dena. Surflari eta ardozaleekin biztanleriak gora egin zuen.

Hasiera batean liskar ugari izan zen urautsietan. Momentu batean egoera asko gaiztotu zen, baina pixkanaka baretu zen giroa. Conneeleyk ‘Rules of lineup’ (urautsiko arauak) txartela jarri zuen uretara sartzeko igaro behar den pasabidean eta horri esker han surf egin nahi duen orok jarraitu beharreko arauak zeintzuk diren badaki.