Andoni Urbistondo

Tirol eta Dolomitak, mendi ikusgarriak ezagutu, gozatu eta bueltatzeko

Altxor geografiko zenbatezinak ditu gure planetak. Ehunka mendi multzo ikusgarri. Dolomitak dira horietako bat. Italia ipar-ekialdean daude, Trentino, Hego Tirol eta Veneto eskualdeetan (Ekialdeko Alpeak). Garaieraz ertainak dira –3.342 metro ditu tontor garaienak–, baina geologikoki, mendi itzelak.

Cortina d'Ampezzo, atzean Dolomitak dituela. (GETTY)
Cortina d'Ampezzo, atzean Dolomitak dituela. (GETTY)

Dolomitak. Erpin tenteak, kareharrizko hormatzar ikaragarriak, eta herri gainetan tentetzen diren mendi multzo ederrak. Eta, mendiak bezala, bailarak. Adigio ibaiko elur urek baratze eta fruitu soro emankorrak sortu dituzte Bozen eta Trento hirien arteko bailara lauan. Hain da horrela, bertako sagar eta ardoak munduko entzutetsuenak bilakatu baitira. Gehitu giro patxadatsua, ordularirik gabe bizitzeko aukera, eta Hego Tirol eta Dolomitak begietan eta bihotzean iltzatuta geratuko zaizkizu betiko.

Hamaika urte luze pasatu dira Euskal Herrian ‘Heidi’ marrazki bizidun harrigarri haiek telebistan ikusi genituen lehen alditik. Neskato haren betiereko irribarrea eta poza ulertzen lanak izan genituen, baina non bizi zen eta natura zenbat maite zuen jabetutakoan ulertu genuen. Heidi ez zen Tiroletik urrun bizi.

Marrazki bizidun haietako mendi ederrak, hori, marrazki bizidunetakoak zirela uste genuen, ezinezkoa baitirudi naturak halako menditzarrak sortu izana. Bada, sortu ditu. Edo zituen. Eta bertan daude, gertu. Tirol eta Dolomitak ezagutu dituena beste noizbait ere itzuli egiten da hara.

Eskualde berezia baita. Bailara eta biztanleriaren gehiengoa altuera apalean bizi dira, 200 eta 500 metro artean. Adigio ibaiak ipar-hego banatzen ditu Alpeak eta Dolomitak, eta ibai ertzean hazi dira Trentinoko eta Hego Tirolgo hiriburuak: Trento eta Bolzano. Biek ala biek 100.000 biztanle pasatxo dituzte.

Trento XVI. mendean Eliza katolikoaren Kontzilioa bertan egin zelako da ezaguna, baina eskualde honek badu gutxik duten berezitasuna. Geografikoki Italiako lurrak dira bai Trentino, baita Hego Tirol ere. Baina sozialki eta linguistikoki, ez hainbeste. Batez ere, Trentotik iparrerantz.

Bertan, hizkuntza alemana gero eta agerikoagoa da, eta Hego Tirolen, herri guztiak italieraz eta alemanez erakusten dira. Bolzano Bozen da, eta adibide hori herri guztietan errepikatzen da. Ostatu batzuetan italiera nekez ulertzen dute, batik bat adinduek.

Italiak Austriarekin muga egiten du, eta muga duten herrietan ohikoa da hizkuntza bat beste herri batean barneratzea. Baina ez da Dolomitetako txoko honen kasua. Izan ere, mende bat atzera joanda Hego Tirol Austria-Hungariako Inperioko lurra zen, baina I. Mundu Gerra galdu, eta eskualdea Italiako parte bihurtu zen, Saint-Germain Itunaren bitartez. II. Mundu Gerran Mussoliniren Italia Hitlerrekin aliatu zen, baina Hego Tirol Italiako lurretan utzi zuten. Ale- manez mintzatzen zen komunitatea babestuz, hori bai. Egun, Trentinok eta Hego Tirolek autonomia han- diko eskualdea osatzen dute, eta euroeskualde indar- tsua, Austriako Tirol eskualdearekin batera (Innsbruck da hiriburua).

Begiraleku ikusgarriak

Dolomitak mendi bideen paradisua dira. Ehunka kilometroko sarea dago, eta aterpe onak, bidea nekosoegia ez egiteko. Neguan eskizaleak trumilka bertaratzen dira. Han dago Europako eski eremu handiena, 1.200 kilometro Dolomitti Superski gunean. Gune horretan daude denon memorian iltzatuta geratzen diren herri ikusgarriak; Cortina d’Ampezzo, adibidez, Italiako Baqueira Beret, hango aberatsen biltokia, edo Corvara, Arabba eta Madonna di Campiglio.

Mendi garaietan barneratu gabe ere, bada gozamena Dolomitetan. Herri galduetan barrena ibili, bat-batean tentetzen diren mendi puska ikusgarriekin. Eski denboraldia bukatu berritan, lasaitasuna sumatzen da Dolomitetan. Jende erauntsiaren osteko bakea. Taberna edo jatetxeren bat bilatzeko ere lanak. Dela Folgaria, Lavarone, Andalo edo Val di Non-en, dela Tesero, Brenner/Brennero edo Barbian-en. Molde bereko herriak, zerrenda horietakoak. Ibaia doan bailara zabalaren gaineko larreetan sortutako herriak, 800-1.200 metroko garaieran. Arkitektura benetan ikusgarrikoak, etxe handi eta koloretsuekin. Erremate gisa, ostatuko leihotik 3.000 metroko mendi  eta erpin ederrak ikusten badituzu, orduak oharkabean pasatzeko aitzakia ezin hobea topatuko duzu.

Begiratu batean Gruppo Sella mendi multzoko har- kaitzak ikusiko dituzu, elegante. Sasso Lungo eta beste (3.161 metro). Hurrena Oddle mendiak, Sasso Rigais ezagunarekin (3.126 m). Zorte apur batekin, Dolomi- tetako mendi garaienaren silueta ere ikus dezakezu: Marmolada (3.342 metro). Bitxia da, baina Marmoladak antzik ez du ondoan dituen dozenaka mendiekin, etzana baita, tentea baino. Denera, 3.000 metroko langa gainditzen duten 86 mendi daude Dolomitetan,  baina hedaduraz, eta konparatze aldera, Pirinioak baino askoz mendikate txikiagoa da.

Sagar eta ardo ezagunak

Adigio ibaiaren altzora bueltatuta, zer ikusi ugari dago Trentino eta Hego Tirolen. Hiriburuek badute bisitatxoa, egun erdikoa. Trenton Piazza del Duomo da hiriko bihotza. Dorretxe eta eraikin historiko asko ditu, lau horma barruan, Erdi Aroan kontu asko eztabaidatu eta erabaki ziren seinale. Castello del Buonconsiglio bisitatzekoa da, eta Trento inguruko mendietatik ikustea ere txarra ez. Funivia Trento da aukera onena. Iparrerantz, ordubete eskasean, Bozen dago (Bolzano, italieraz). Merezi du herri handi honetako kale itxi eta estuetan barrena ibiltzea, ilunabarrean. Giro ona sortzen da bertako hiritar eta turisten nahasketarekin.

Aukera ona izan liteke eguneko jarduna Innsbruckera bisita eginez bukatzea. Innsbruck da Tirol eskualdeko hiri ezagunena, jatorrizko hiriburua, eta Austria bada ere, italiarrak oso sarri joaten dira hiri horretara (mugatik 25 kilometrora dago). Garraio bideak oso onak dira. Pasabide hau da erabilienetakoa Italiatik Europa erdi eta iparrera joateko, eta E-45 autobidea milaka eta milaka kamioik erabiltzen dute egunero. Bidaia lasaia egin eta paisaiaz autorik gabe gozatu nahi duenarentzat aukera ezin hobea da trena. 3 ordu eskas behar dira Trentotik Innsbruckeraino.

Autoan, normalena, bidea begirada galduarekin egitea da, mendebalde-ekialde, ipar-hego, neguko jantzi zuria kendu ezinik dauden ehunka mendi ikusgarri ikusten baitira. Baina hainbeste mendik baino, Bozen eta Trento artean, harridura handiagoa sortzen dute paraje haietako bi altxorrek: sagarrak eta mahastiak. Sagarren kasuan, ustiapen naturala dute ardatz 180 ekoizlek, Biosudtirol markaren baitan, eta produkzioa baino, kalitatea lehenesten dute. Sagarrak gozo-gozoak dira.

Ardoari dagokionez, Trentino eta Hego Tirolgo mahats zukuek estimu handia dute nazioartean. Klima Arabako Errioxan dutenaren antzekoa da, hotzagoa neguan, baina 300 eguzki egun dituzte urte osoan. Adigio ibaiko bi ibarrei strada del vino edo Weinstraße esaten diete. Alegia, ardoaren etorbidea. Nahikoa aitzakia ez, eta beste bat, Dolomitak ezagutu eta gozatzeko. Eta bueltatzeko...