Idoia Eraso

EHZ eta NAIZen arteko akordioa, festibala Euskal Herri osora hedatzeko

Uztailaren 2, 3 eta 4an Irisarrin ospatuko den EHZ festibalak eta NAIZek hitzarmena sinatu dute. Xede bikoitza du akordioak, Euskal Herri osoan zehar jaialdiari buruzko informazioa zabalduz, xoko guztietako jendea hurbilaraztea, eta NAIZ eta GARAko harpidedunei bertaratzeko bonuak banatzea.

NAIZ eta EHZko ordezkariek hitzarmena sinatu dute Irisarrin. (GUILLAUME FAUVEAU)
NAIZ eta EHZko ordezkariek hitzarmena sinatu dute Irisarrin. (GUILLAUME FAUVEAU)

Euskal Herrian zehar EHZ jaialdiaren berri izan dadin, eta jendea hurbilarazteko xedearekin, informazioa zabaltzeko konpromisoa hartu du NAIZek. Komunikazio taldeko euskarrietan jaialdiari buruzko informazioa emanen da, aitzinetik, jaialdian zehar eta ondoren ere, eta aldi berean publizitatea ere ezarriko da. Bestalde, uztailaren 2an, 3an eta 4an Irisarrin ospatuko den festibalean sartzeko sarrera bikoitzak jasoko ditu komunikazio taldeak, bere harpidedunen artean banatzeko.

Hitzarmena NAIZ eta GARAko marketin eta komunikazio arduraduna den Asier Iñigok eta Euskal Herria Zuzenean jaialdiko komunikazio arduraduna den Inhar Iraitzozek sinatu dute astelehen honetan Irisarrin, ondoan astearen bukaeran ospatuko den jaialdiaren prestaketa lanak egiten ari ziren bitartean.

NAIZek eta EHZk balore berak

EHZko antolaketa taldeko Julen Oillarburuk hitzarmenaren zentzua nabarmendu du: «Naturala da NAIZekin hitzarmena sinatzea, EHZren baloreekin bat egiten duelako. Ideia da Euskal Herriko hainbat eragilerekin lan egitea elkarlanean, eta jaialdiak hori sustatu nahi du». Ondoren gaineratu du: «Euskara laguntzen du, horretan eragile bat da, eta EHZk naturalki bat egiten du berarekin».

Iñigok ere ez dela hitzarmen komertzial hutsa adierazi du: «Beti sostengatzen ditugu NAIZen eta GARAn dauden balio fundazionalak dituzten jaialdiak eta ekitaldiak. Gure balioak feminismoa, ekologia, burujabetza, euskara… dira, eta bereziki jaialdi honek baditu balio erantsi batzuk, jasangarritasuna eta auzolana».

Pandemia garai honetan hitzarmen honek duen garrantzia azpimarratu du marketin eta komunikazio arduradunak: «Orokorrean Hego Euskal Herritik joaten den jende kopurua mugatua izaten da, eta orain dauden zailtasunekin saiakera berezi bat egingo dugu, aurretik ere informazioa zabaltzeko, ahalik eta jende gehien joan dadin gozatzera eta babestera, jaialdi honek jarrai dezan bere balioak transmititzen urtez urte».

Hurrengo urteetan bi eragileen arteko harremana sendotzea dute biek helburu, horren bitartez festibalari babesa eta bultzada emateko.

Iraitzozek hedabideengandik jasotzen ari diren laguntza eskertu du. «Ikusten da EHZ ekimen maitatua dela, Euskal Herrian aski erreferentzia bildu du eta errekonozimendu horri esker laguntza biltzen ari gara bai laguntzaileen aldetik, baita hedabideen aldetik ere».

NAIZeko eta GARAko harpidedunak

Hitzarmenaren baitan EHZko antolatzaileek emandako hiru egunetako bonu bikoitz gehienak NAIZ eta GARAko harpidenunen artean banatu dira, baina beste bi bono bikoitz zozkatuko dira, NAIZ Instagramen eta Facebooken jarraitzen duten pertsonen artean, eta asteazkenean jakinaraziko da zeintzuk izan diren irabazleak.

Iñigok hitzarmenak NAIZeko komunitateari ekartzen diona ere nabarmendu nahi izan du: «Gure irakurleekin eta gure harpidedunekin daukagun konpromisoa garrantzitsua da, ahaleginak egiten ditugu abantailak izan ditzaten jaialdi horretara joateko. Zozketa baten bidez jende asko joan ahal izango da hiru egunetarako bonu bikoitzarekin».

Aldi berean, EHZ jaialdiaren eremuan NAIZeko hedabideentzat gune berezia izanen da, eta hitzorduari irismena ziurtatzeko jarraipena aitzinetik, hiru egunetan zehar eta ondoren egingo dute talde komunikatiboko hedabideetako kazetariek.

25. urteurrena, 29 kontzertu

Beste ekimen kultural anitzen kasuan bezala, EHZ iaz ezin izan zen ospatu, beraz orduan ospatu behar zen 25. urteurrena aurten eginen du festibal mitikoak. Duela bi urte abiatutako filosofiarekin bat eginda, Euskal Herriko musikariak izanen dira soilik. 29 kontzertu izanen dira orotara, besteren artean ostiralean Nøgen, Mairu, Olatz Salvador eta Rüdiger izanen dira. Larunbatean Zea Mays, Anestesia, Chill Mafia, Tremenda Jauria, Aguxtin Alkhat eta taldea, Fetiche eta Andon Ollokiegik joko dute. Eta igandean, Ruper Ordorika, Potato, Diabolo Kiwi, Xiberoots eta Tiktarak girotuko dute jaialdia.

Programazio oso bat osatu du eta musikarekin batera bestelako ekimen kulturalak ere izanen dira: Kukai dantza konpainia, Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama antzerki konpainia, ATX Teatroa eta Bilaka dantza konpainia. Azken urteotan, jaialdira hurbiltzen diren familien presentzia nabarmena egin da, hori dela eta, haurrentzako programazioa ere bada eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots Irisarrin izanen dira.

Eztabaidagunea ere izanen dela nabarmendu dute antolatzaileek: «Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da gure festibala».

Osasun neurriak

Otsailean jaialdia ospatuko zela ezagutzera eman zutelarik, covid-19aren ondorioz, izango zuen hedadura zalantzan zen, baina orain osasun neurrien lausotzeari esker ohiko egitura atxiki ahal izanen da eta, herrian bezala, ondoko pentzean ere izanen dira zuzeneko emanaldiak; kanpalekua ere izanen da. Orotara 3.000 pertsona sartu ahal izanen dira, pertsona bakoitzeko 4 m2-ko espazioa ezartzen duen neurria errespetatu ahal izateko.

Hala ere, koronabirusaren hedapena saihesteko bertara sartu ahal izateko baldintzak zorrotzak izanen dira. Jaialdian sartzeko uztailaren 1ean edo 2an egindako PCR edo antigeno proba negatibo bat aurkeztea beharrezkoa izanen da, edo txertoa jaso izanaren ziurtagiria. Edo azken 6 hilabeteetan gaixotasuna pasa izana. Edo txertaketa pauta amaituta izatea +14 egun. Edo Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri digitala izatea.

Aldi berean, musukoa eraman beharko da, eta gel hidroalkoholikoa jai gunean zehar toki ezberdinetan egonen da. Laguntzaileak jaialdiko eremuan zehar ibiliko dira osasun neurriak betetzen ari direla ziurtatzeko.

Sarrerak sarean eros daitezke EHZren webgunean, egunka edo hiru egunetarako.